Antzerkia

Dejabu Panpin Laborategiaren ‘Arrastoak’ antzerki lanak irabazi du Donostia antzerki saria

Martxoaren 27an Viktoria Eugenia antzokian emango dute Iñigo Aranbarri, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta Miren Alkala aktoreek.  

Dejabu Panpin Laborategiaren 'Arrastoak' antzezlana. AINHOA RESANO
Juan Luis Zabala
2015eko otsailaren 24a
16:43
Entzun

“Umorearen eta dramaren bitartez, gaurkotasuna galdu ez duten gaiak ausardiaz lantzen ditu Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzerki lanak, non gauden eta nondik gatozen, adibidez”, lan horri Donostia antzerki saria ematea erabaki duen epaimahaiaren ustez. Sari gisa 10.000 euro jasoko ditu konpainiak, horietako 2.000 hurrengo hiru urteen barruan Donostian beste obra bat estreinatzera bideratuak. Horrez gain, emanaldia Donostian berriro eskaintzeko aukera izango dute, Viktoria Eugenia antzokian, martxoaren 27an.

Aurreko urtean Donostiako antzoki publikoetan emandako antzerki obren arteko bat saritzen du urtero Donostiako antzerki sariak, 2001az geroztik. Aurten hamahiru obra izan dira lehian. Hirugarren aldiz irabazi du Dejabu Panpin Laborategiak Donostia antzerki saria. 2011n irabazi zuen aurrenekoz, Le Petit Theatre de Pain eta Artedramarekin batera ekoitzitako Errautsak lanarekin; bigarren aldia 2012an izan zen, Gure bide galduak lanarekin.

Antzerkigintza modu kolektiboan lantzen du Dejabu Panpin Laborategiak, inprobisazioari garrantzi handia emanez, eta alderdi hori ere nabarmendu du epaimahaiak. Ainara Gurrutxaga Dejabu Panpin Laborategiko aktorearen iritziz ere, alderdi hori garrantzi handikoa da. “Balio handia ematen diogu prozesuari”, adierazi du gaur, prentsaurrekoan. Gurrutxagarekin batera, Iñigo Aranbarri, Urko Redondo eta Miren Alkala aktoreek hartzen dute parte, oholtza gainean, Arrastoak-en emanaldietan.

Obra iazko azaroaren 1ean estreinatu zuten. Dagoeneko hogeitik gora emanaldi egin dituzte, eta beste hamazazpi dituzte hitzartuak. Aurrenekoak asteburu honetan dituzte, Lekeition (Bizkaia) ostiralean (otsailak 27) eta Azkoitian (Gipuzkoa) igandean (martxoak 1).

Epaimahaia honako zazpi lagunek osatu dute: Tessa Andonegi (EAB Euskal Aktoreen Batasuna), Julia Marin (EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Nagore Orbelzu (ASIGE), Agus Perez (Berria-ko antzerki kritikaria), Pantxoa Etxegoin (EKE Euskal Kultur Erakundea), Maite Leonet (publikoaren ordezkaria) eta Olatz Beobide (aktore eta zuzendaria).

Iaz hamabost antzerki obra eman ziren euskaraz Donostiako antzoki publikoetan, Nerea Taxapartegi Kultura zinegotziak emandako datuen arabera. Orotara 40 emanaldi egin ziren, eta 5.854 ikusle bildu zituzten. Aurreko urteetako kopuruak gainditu dira horrenbestez: 2011n, adibidez, bederatzi obra eman ziren, emanaldiak hemeretzi izan ziren, eta ikusleak, 2.600.


 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.