Zinema. Estreinaldiak

Denbora galduaren bila

'La vida de los peces' film txiletarrak galdutako aukerez eta bizitzako amodioaz eginarazten du gogoeta

Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hamar urte eman ditu Andresek Alemanian. Kazetaria da, eta bidaia aldizkari batentzako egiten du lan; leku exotiko askotara joateko aukera izaten du. Hala ere, bere bizimoduak ez du asebetetzen, bakardadea du lagun eta deserrotuta sentitzen da. Berlinera joan behar du bizitzera, baina hori egin aurretik Txile sorterrira bisitaldi bat egitea erabakiko du. Bidaia horrek aldaketa handiak ekarriko dizkio Andresi.

Txilera ailegatu eta berehala aspaldiko lagun baten urtebetetze festara gonbidatuko dute. Bertan lagun zaharrak berriro ikusteko aukera izanen du Andresek. Denak nola aldatu diren ikusteko aukera izanen du, eta berea ez den mundu bat hoztasunez aztertzeko aukera edukiko du. Horrez gain, Beatriz ikusiko du berriro, bere betiko amodioa. Oraindik ere, bien artean hainbat kontu itxi gabe daude.

Oso harrera ona Txilen

La vida de los peces filmarekin Matias Bize zuzendari txiletarrak galdutako aukeren eta bizitzako amodioaren inguruko film bat egin nahi izan du, ikusleak hurbil sentituko duen istorio bat kontatu. Eta nonbait lortu egin du, filmak oso harrera ona izan duelako Txilen eta estreinatuko den beste hainbat herritan.

Halaber, hainbat zinemalditan aurkeztu dute La vida de los peces, horien artean Veneziakoan. Eta film honek Latinoamerikako pelikularik onenaren Goya saria jaso du orain dela aste gutxi.

En la cama (2005) filmari esker egin zen ezagun Bize. Seminci zinemaldiko sari nagusia irabazi zuen. Oraingoan bezala, film horretan ere Blanca Lewin aktorearekin egin zuen lan. Iaz Julio Medem film horretan oinarritu zen remake berezi bat egiteko: Habitación en Roma.

'LA VIDA DE LOS PECES'

Zuzendaria: Matias Bize.

Aktoreak: Santiago Cabrera, Blanca Lewin, Francisca Cardenas, Pedro del Carril, Diego Fontecilla, Matias Jara.

Herrialdea: Txile.

Urtea: 2010.

Iraupena: 84 minutu.

Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.