Zinema. Estreinaldiak

Denbora mugarik gabeko trena

'Moon' bikainaren ostean, Hollywooden lehen filma egin du Duncan Jonesek: 'Source Code'

Michelle Monaghan (Christina) eta Jake Gyllenhaal (Colter Stevens), Source Code filmean. JONATHAN WENK.
Gontzal Agote.
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Zortzi minutu eskas. Horixe da Colder Stevens soldaduak tren osoa leherrarazi nahi duen pertsona aurkitzeko duen tartea. Terrorismoaren kontrako borroka delakoan AEBetako Gobernua probatzen ari den esperimentuaren parte da Stevensen misioa: Source Code programa. Haren bidez, denboran bidaiatu eta gertatutako hainbat atentatu saihestu ahal izanen dituzte ikertzaileek.

Stevens tren bateko bagoian agertuko da; ez daki nola ailegatu den haraino. Aurrean Christina du; ez du ezagutzen, baina emakumeak oso ongi ezagutzen duela dirudi. Komunera joko du soldaduak, eta, ispiluan begiratuta, beste pertsona baten itxura duela deskubrituko du. Patrikan dituen identifikazio agiri guztiak ere ezezagunak zaizkio, Sean Fentress izeneko irakasle batenak dira. Oraindik gertatzen ari dena ulertzen saiatzen ari dela, eztanda batek tren osoa suntsituko du.

Denbora amaitu zaio Stevens soldaduari. Teknologia garapenerako zentro batean esnatuko da berriro. Han janzkera militarra duen emakume batek bere misioa zein den kontatuko dio. Tren horren barrura sartzen ahalko da eta gertatuko den leherketa hori gelditu. Horretarako, zortzi minutuko denbora bidaia laburrak egiten ahalko ditu. Bidaia bakoitzean eztanda egin behar duen pertsonaren inguruko aztarnak bilduko ditu.

Duncan Jonesen bigarren film luzea da. David Bowieren semea da Jones, baina baita bere talentua erakutsi duen zuzendari gaztea ere. Orain dela bi urte, Moon estreinatu zuen, azken urteotan egin den lehen filmik interesgarrienetakoa. Oso baliabide gutxirekin, zientzia fikzioko film bikain bat egin zuen, ia-ia aktore bakarrarekin lan eginda, Sam Rockwellekin.

Moon kultu film bihurtu zen berehala, eta horrek Hollywoodeko atea ireki dio. Berez, Source Code martxan zegoen proiektua zen; Ben Ripleyk idatzi zuen gidoia eta Mark Gordon ekoizteko prest zegoen. Jake Gyllenhaal aktoreari erakutsi eta horrek ere interesa agertu zuen. Zuzendari egokia falta zen.

Gyllenhaalek berak proposatu omen zuen Jones, Moon-ekin txundituta gelditu baitzen. Jonesek ez zuen interes berezirik zientzia fikzioarekin lotutako bigarren film bat egiteko, baina, gidoia irakurrita, baiezkoa eman zuen. Berak aukeratu zituen beste aktoreak, Michelle Monaghan eta Vera Farmiga.

Denbora bidaiak

Moon-en bezala, gehienbat espazio itxi batean gertatzen da istorioa. Kasu honetan trena da; bagoi berezi bat egin behar izan zuten barruan kamerekin mugitu ahal izateko. Jonesek aitortu du Alfred Hitchcocken eragina duela filmak, zientzia fikzioa izanda, suspensea ere osagai inportanta baita; gainera, Hitchcockek behin baino gehiagotan erabili zituen trenak.

Denbora bidaiena zinemaren barruko azpigenero oparoa da, hainbat film klasiko eman dituena. Ziur aski, orain arteko onenaChris Markerren La jetée da, 1962koa. Hainbat urte geroago, Terry Gilliamek horren bertsio gaurkotua egin zuen, Twelve Monkeys. 60ko hamarkadak beste klasiko bat utzi zigun, The Time Machine (George Pal, 1960). Azken hamarkadetan, arrakasta handia izan dute gai horren inguruan beste hainbat filmek ere. 80ko ikonoetako batek denbora bidaiak zituen gai nagusitzat, Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985). Hurrengo hamarkadan, azpigeneroak beste arrakasta handi bat eman zuen, Groundhog Day (Harold Ramis, 1993). Eta, zeharka bada ere, Terminator sailak gai hori lantzen zuen.

'SOURCE CODE'

Zuzendaria: Duncan Jones.

Aktoreak: Jake Gyllenhaal, Michelle Monaghan, Vera Farmiga, Jeffrey Wright, Russell Peters.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 93 minutu.

Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Hurrengo asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.