Denon eskura dagoen artea

Inguruko bizimodua inspirazio iturri moduan hartuta, hainbat artelan daude ikusgai Urdaibain

Gunilla Klingberg artista suediarra Laga hondartzan egindako bere obraz inguraturik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibarrangelu
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Lagako hondartzan, Ibarrangelun (Bizkaia), Zentzua eta iraunkortasuna proiektu artistikoa aurkeztu zuten atzo, eta han izan ziren Maider Lopez, Lara Almarzegi, Karlos Irijalba, Renata Lucas, Haegue Yang eta Gunilla Klingberg; egitasmo horretan parte hartu duten artistetako batzuk, alegia. Urdaibaiko bizimodua inspirazio iturri moduan hartuta, hainbat obra jarri dituzte artistek ikusgai, Urdaibaiko Biosferako hainbat tokitan; Lagako hondartzan, Busturiako Madariaga dorrean eta Gernika-Lumoko Astra fabrikan, besteak beste. Obrak irailaren 23ra arte egongo dira ikusgai.

Klinbergen A sign in the Space izeneko obrarekin eman diote hasiera proiektuari. Hala, izarrez betetako hondartza bihurtu du Lagakoa. Horretarako, artista suediarrak azaldu duenez, «marrazkia gailu mekaniko batekin inprimatu du; hau da, erliebeko txantiloi grafiko batez estalitako altzairuzko zilindro batekin. Horretarako, goizez hondartza garbitzen duen eta harean ibiltzen den traktoreari itsatsi diote zilindroa. Horrela, goizero marrazkiak sortuko dira».

Irudi horien bidez hondartza eta giro urbanoa nahastu nahi izan ditu artistak, hareatza naturaren elementu gisa, eta traktorearen pneumatikoak hiritartasunaren elementu moduan baliatuz. Izarrek, berriz, lur eremu bat markatu ohi dutela azaldu du suediarrak. Hori dela eta, irudi horiekin hondartza denbora laburrerako «plaza» bat bilakatu nahi izan du.

Obrak Lagako hondartza osoa hartuko du, eta artistak azaldutakoaren arabera, mareen gorabeherengatik eta bertara joaten diren erabiltzaileen akzioagatik desagertuz joango da marrazkia.

Aurkezpenean egondako artistekin batera, Liam Gillick, Oscar Tuazon, Rafael Lozano-Hemmer eta Pieter Vermeerschek ere hartu dute parte Urdaibaiko Biosferako proiektuan. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak aurkeztu zuen egitasmoa, eta haren esanetan, «hemengo bizimodua, kultura, paisaia eta gizartea beste modu batera ulertzeko aukera ematen dute, eta herritar guztien begien aurrean egongo dira».

Proiektuan parte hartu duten hamar artistak urtarrilean ailegatu ziren Urdaibaira. Ordutik aurrera, inguruko pertsonai ospetsuekin eta hainbat herritarrekin egon dira, hainbat ibilbide eta elkarrizketa eginez. Hala, esperientzia horretan eskuratutako jakintzari esker, komunitate bat sortu eta eratu nahi izan dute. «Esperientzien eta zalantzaz beteriko antimonumentuen komunitate bat sortu dute, elkarrizketa eragingo duena. Gainera, norbanakoak bere alderdi gizatiarrarenarekin bat egingo du», esan zuen Urgellek.

Gizartean oinarritutako obrak

Arteak eta kulturak herritarrengandik ahalik eta hurbilen egon behar dutela azaldu zuen sailburuak. Egitasmo horrekin, egindako obra horiekin guztiekin, kulturak bere helburuak lortzeko jauregirik behar ez duela oso argi geratzen dela azaldu zuen, gainera. Hala, «artistak egindako obrari begira, bere buruari zenbait galdera egiteko aukera eskaintzen zaie herritarrei», azaldu zuen Urgellek.

Alberto Sanchez Balmisa proiektuaren komisarioak adierazitakoaren arabera, «erakusketa, artearen, naturaren, pentsamenduaren, lurraldearen eta herritarren arteko nahasketa gisa pentsatu da. Produkzio estetiko kritiko batzuk proposatu nahi izan dira horrekin, errealitatearen eta munduaren gaineko beste ideia batekin. Kapitala oinarri bezala hartuta, sentiberatasunaren ohiko zatiketei jarraitzen ez dien ideiarekin bat egitera gonbidatzen duten sorkuntzak egin nahi izan dira».

Gauzak horrela, proiektuan parte hartu duen artista bakoitzak esku hartze artistiko bat proposatu du, bere artelanak Urdaibaiko inguruetan ikusi duten gizarte, kultura, hiri eta politika testuinguruetan oinarrituta. Atzo lehenengo obra aurkeztu bazuten ere, gaur aurkeztuko dute proiektua ofizialki, Madariaga dorretxean (Busturia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.