KRITIKA. Musika.

Desafiorik ederrena

Ace Frehleyren '10.000 Volts' diskoaren azala.
Ace Frehleyren '10.000 Volts' diskoaren azala.
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

ACE FREHLEY

1978an, Kiss taldeko lau kideek bakarkako disko bana argitaratu zutenean, laukoteko bi partaidek (Gene eta Paulek, nork bestela?) laguntzarik behar ote zuen galdetu zioten Aceri. Spaceman jaunaren erantzuna zein izan zen erraz irudikatu dezakezue: ezezko borobila. Taldekideek haren lanean zuten konfidantzarik eza agerian geratu zen arren, bakarkako lau disko haietatik onena eta gehien saldutakoa harena izan zen. Soilik Paul Stanleyren lana hurbildu zitzaion, eta, gainera, Aceren diskoa inoiz Kiss taldeko partaide batek bakarka atera duen onena izan zen, dudarik gabe.

1982an espazio gizonak taldea ofizialki utzi zuenetik ibilbide gorabeheratsua egin du. Tartean, gainera, 1996tik 2002ra jatorrizko laukotearen itzulera erraldoian parte hartu zuen. Gero, Tommy Thayerren fitxaketak eta Gene eta Paulekin zeuzkan arazoek betirako kanpoan utzi zuten. Alkoholarekin eta beste sustantzia batzuekin edukitako harremanak baldintzatu zuten Frehley-ren zein Peter Criss bateria jolearen kanporatzea. 1996an Kiss itzuli eta gero sortutako arazoak ere ildo horretatik zihoazen. Dena den, gure protagonistak bere balioa frogatzeko lan interesgarri sorta bat grabatu du. Eta orain desafioa bota die bere taldekide izandakoei, riff sinple eta bereziki eraginkorrez osatutako lan honekin.

Diskoa inolako intro edo bestelako mobidarik gabe hasten da, zuzen-zuzenean burmuinera doan 10.000 volts kantuarekin. Hard Rock zuzena, dibertigarria eta dantzagarria, horrez gain Glam-Rock osagai oso markatu bat ere badakarrena. Kiss Glam Rockarekin lotzen dutenek estetikagatik egiten dute. Ace Frehley-k, ordea, bere bakarkako hainbat lanetan Inglaterrako Glam Rock erakargarrienean begi bat jarrita edukitzen du, finean, Kiss-ek bezala, rock gogorra lantzen duen arren. Lehen kanta honek, adibidez, Slade-ren eragina dauka, baina gitarra riffaren gogortasunak eta manerak Soundgarden ere ekar dakiguke gogora. Walkin’ on the moon ere gogortasun horretan murgiltzen da, ia disko osoa bezala. Baita Cosmic Heart ere: riff zitala, ahots hirukoiztua eta errepika ozena. Disko osoan Ace-ren ahotsaren bolumena benetan altua da. Badakigu ez dela benetan ahalmen horretara iristen, beraz zuzenekoetan kantuok nola berdinduko dituen pentsatzen jartzen bagara, zalantzak datorzkigu (zoritxarrez, ez dugu Ace inguru hauetan erraz ikusiko, eta egiaztatzea youtuben egin beharko dugu).

Cherry medicine benetan kuriososa da; 90etako rock alternatiboa eta batez ere Nirvana baitakarzkigu gogora. Back into my arms again power ballad modukoa da zati batzuetan. Ace-ren ahotsarekin zoragarri geratzeaz gain errepika polita eta gitarra solo dotorea ere badauzka. 80etako FM Hard & Heavy eszena berbizitzen du, baita akaso garai horretako Judas Priest ere, Fighting for life kutsakorrak. Judas-en nolabaiteko eragina izan dezake Blinded berak ere. Orokorrean, pare bat kantu kenduta, maila benetan altua da. Amaiera aldera, Up in the sky-k gitarraren ahalmena berreskuratzen du eta amaiera instrumental/epikoa Stratosphere iradokitzaileak ematen dio. Ace-k oraingoan bere taldekide ohiei zaplazteko ederra eman diela dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.