Erakusketa

Desagertzen ari denari

Diana Thater artistaren hiru bideo-instalazio jarri dituzte Bilboko Guggenheim museoan

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko azaroaren 29a
12:05
Entzun

Hasieratik argi utzi du Diana Thater artistak (San Frantzisko, AEB, 1962) zein den bere artelanen xedea: “Gizakiak naturarekin eta animaliekin duen harremana agerian uztea interesatzen zait”. Harreman horren izaeran egin du indar. “Nabarmena da bortxazkoa dela bien arteko hartu-emana. Gizakia, animaliekin edo naturarekin harremanetan jartzen den une berean, hura suntsitzen hasten da”. 2017. eta 2018. urteetan  egindako hiru bideo-instalazio ekarri ditu artista estatubatuarrak Bilboko Guggemheim museora. Kenya eta Sudanen hartutako irudiekin osatu ditu hiru piezak, eta galzorian dauden animalia eta paisaiak eraman ditu bide-instalazioa osatzen duten pantailetara. “Artelan gutxi sortzen dut, pieza bakoitzaren atzean ikerketa lan sakona baitago”. Sudan izeneko errinozero zuriaren kasua aipatu du. Munduko azken errinozero arra zen Sudan, aurtengo martxoan hil zena. Hil aurretik, baina, hura grabatzera joan zen Thater. “Asko ikertu nuen azken errinozero arraren kasuari buruz, eta Sudan ezagutzera joateko beharra sentitu nuen, espezie baten bukaeraren sinboloa iruditzen baitzitzaidan”. Errealitatea bezain erradikala izeneko bideo-instalazioan jarri ditu Sudan-en irudiak. Areto bakarrean bildu dituzte Thater artistaren hiru piezak, eta 2019ko martxoaren 18ra arte izango dira ikusgai.

Ez du ausaz aukeratu Errealitatea bezain erradikala artelanaren izena. Leninen hitzak direla aitortu du artistak. “Errealitatea bezain erradikala izan nahi dut nire lanekin”. Bere lanek kutsu politiko nabarmena dutela dio. “Batzuk ukatu egin nahi duten arren, Antropozenoan bizi gara”. Giza espeziearen jarduerek eragindako aldaketen aroa izendatzeko, Antropozeno terminoa erabiltzearen alde azaldu dira nazioarteko hainbat ikerlari, eta teoria horrekin bat datorrela azaldu du artistak. “Mundu osoa aldatzen ari gara. Azken lau hamarkadetan basa bizitzaren %70 galdu da, eta oso gutxi hitz egiten dugu gai horri buruz”. Dioenez, eztabaida eta hausnarketa bultzatu nahi du bere lanekin. Mundu bat ihesean eta Denbora konprimitua dira ikusgai dauden gainontzeko bi lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.