Perbertituak eta telefono liburua ageri dira pantailan, baina ez gaude Todd Solondz amerikarraren film baten aurrean. Mikkel Munch-Fals ezezagunak gizakiaren alde iluna eta ezkutua arakatu nahi izan du bere opera priman, eta umorea eta komedia bazterrean utzi ditu. Solondzen pertsonaiak hain dira patetikoak eta anormalak ezen barregura besterik ez duten sortzen. Nothing´s All Bad, ordea, pelikula gogorra eta krudela da, eta eszena desatseginak ere ez dira falta. Zentropa ekoiztetxeak babestutako produkzio ikaragarri horrek gordintasun osoz erakusten dizkigu gizabanako burgesaren gabezi eta beldurrak. Gupidarik gabe larrutzen ditu pertsonaia guztiak, eta ez du inor infernutik salbatzeko asmorik. Berdin du zer egiten duten bizitzan, kondenatuta baitaude jaio ziren une beretik. Bestalde, Danimarkako zinema Lars von Trierren itzalpean aurkitzen dela ez dago ukatzerik; Dancer in the Dark (2000) maisulanaren egileak harrobia primeran zaintzen duela dirudi. Munch-Falsek adin ezberdinetako lau pertsonaia hautatu ditu desirari eta bakardadeari buruz hausnartzeko. Desirak ez du inolako mugarik eta irrazionaltasunaz hitz egitea motz geratzea litzateke. Freuden arabera, ez gara ezta geure buruaren jabe. Arrazoiaren nagusitasuna aldarrikatzen zutenen ahotsik jada ez da entzuten, Munchen koadro ospetsuko garrasi beldurgarriak hobeto islatzen du egungo egoera. Haragiaren morroi leiala da gizakia, eta askatasuna erdiestea ezinezko misioa da. Woody Allenen aburuz, zahartzeak ez du esan nahi pertsona hobea eta jakintsua bihurtuko zarenik. Horrenbestez, akats berberak errepikatzeaz aspertuta egon behar dute zaharrek, betiereko itzuleraren atzaparretatik ihes egin ezinik, hain zuzen. Hala ere, ezkortasuna nagusi den arren, argi izpi batzuk begiztatu ditzake ikus-entzuleak.
Bestalde, Bin Ladenen aginduetara egondako bi pertsonen inguruko dokumental hagitz interesgarria estreinatu du Laura Poitras zuzendariak. The Oath-ek Abu Jandal bizkartzain ohiaren ikuspegia jaso nahi izan du, batetik, eta Salim Hamdan Guantanamoko presoaren epaiketaren jarraipena egin du, bestetik. Jandal Bosnian eta Afganistanen egon ostean, Yemenen espetxeratua izan zen 2000an. Gobernuaren gizarteratze programa bati esker taxi gidari gisa lana aurkitu du, eta ordutik elkarrizketaren aldeko apustua egin du. Irailaren 11ko atentatuen aurkako jarrera agertu duenez, Al Qaedako belaunaldi berriek heriotzarekin mehatxatu dute. Hamdanek, berriz, zazpi urte daramatza Guantanamon preso, eta epaiketaren zain dago oraindik. Auzitegi Gorenak haren alde egin orduko gobernu asmerikarrak lege berri bat onartu du. Agambenen esanetan, Mendebaldeko demokraziak salbuespen egoeran daude, eta estatuaren gainetik ez dago balio duen legerik.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Fantasien gatibu
Desiraren morroi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu