Guillermo Arriagarekin aurreko hamarkadako bikoterik emankorrena egin zuen Alejandro Gonzalez Iñarrituk. Bi sortzaile mexikarrek ongi olioztatutako makina baten gisara funtzionatu zuten; Arriagak denboraren linealtasuna hausten zuten istorio poetikoak idatziz, eta Gonzalez Iñarrituk horiek irudi eder bihurtuz.
Elkarlan emankor horretatik hiru pelikula garrantzitsu sortu ziren. Goitik behera egin zuten progresio batean, gertuko istorioetatik mundu zabalera. 2000koa da gurera ailegatu zen lehena, ukabilkada gordina izan zen Amores perros hura. Filmak gidoilaria zein zuzendaria denen ahotan jartzeaz gain, gaur egun oso ospetsua den aktore gazte bat ezagutzera emateko balio izan zuen: Gael Garcia Bernal. Halaber, Amores perros-ek zinema mexikarra pelikulen geografian jarri zuen berriro, garai horietan beste sortzaile batzuk ateratzen ari baitziren: Guillermo del Toro edo Alfonso Cuaron, esaterako.
Horren ostean ibai handia zeharkatu zuen bikoteak; AEBetan egin zuten hurrengo pelikula. Hollywoodeko hiru pisuzko izen -Sean Penn, Benicio del Toro eta Naomi Watts- izan zituzten haien aginduetara 21 Grams-en. Hainbat sari jasotzeaz gain, pelikulak bi izendapen izan zituen urte horretako Oscar sarietarako.
2006an ailegatu zen bikoteak elkarrekin eginen zuen azken pelikula, Babel. Globalizazio ekonomiko eta politikoaren erretratua egin nahi izan zuten Gonzalez Iñarrituk eta Arriagak, eta, horretarako, munduko lau bazterretako istorioak lotu zituzten: Japon, AEBak, Mexiko eta Tunisia. Brad Pitt, Cate Blanchet eta Gael Garcia Bernalekin egin zuten Babel, eta haien pelikularik arrakastatsuena izan zen, ez, ordea, onena.
Bartzelona ezezaguna
Eta horren ostean, azken ureotako dibortzio artistikorik sonatuena etorri zen. Bereizketa gehienek bezala, oso kontu itsusiak izan zituen -gutun publiko mingarriak barne-, baina atzean zegoena etapa baten amaiera zen. Azken finean, Arriagak uste zuen pelikulen arrakastaren gakoak bere gidoietan zetzala, eta Gonzalez Iñarrituk, berriz, horiek eszenaratzeko moduan. Horiek horrela, bakoitzak bere bidea egitea zen logikoena.
Hala egin zuten. Bakarkako bidean Guillermo Arriaga izan zen azkarrena, orain dela bi urte estreinatu zen The Burning Plain-ekin. Ikusleek eta kritikariek nahiko hotz hartu zuten filma, zerbait falta zitzaion narrazio hautsiari.
Eta, azkenik, hemen da Alejandro Gonzalez Iñarritu bere ohiko gidoilaririk gabe. Zuzendariak berak, bi laguntzailerekin batera, idatzi du gidoia, nonbait demostratu nahian ez duela kanpoko laguntzarik behar istorio bat pantailara eramateko.
Biutiful aurtengo Cannesko jaialdian aurkeztu zuten, eta nahiko harrera ona izan zuen. Dramaren gordintasunarekin batera, denek Javier Bardemek egindako lana azpimarratu zuten. Hain zuzen, Bardemek jaso zuen aktore onenaren saria. Orain dela bi urte Oscar saria irabazi zuen aktore espainiarrak, eta dagoeneko hedabide espainiars askok aurtengoetarako ere faboritotzat jotzen dute.
Bartzelonan filmatu zuen Gonzalez Iñarrituk, baina postaletatik kanpo gelditzen den hiria erakutsi nahi izan du, Raval auzoa eta inguruak. Uxbal da protagonista nagusia, pertsonaia misteriotsua, mamuekin komunikatzen ahal dena. Uxbalek jakin badaki heriotza hurbil duela, eta, beraz, bere burua eta bere seme-alabena salbatzen saiatuko da. Itxuraz, Uxbalen istorioa sinplea da, baina bere sinpletasunean ertz asko ditu.
Uxbalen istorioarekin orain arteko bere pelikularik intimistena egin du zuzendariak, sufrimenduaren inguruan hausnarketa gogorra. AEBetatik kanpo, libreago sentitu da mexikarra, eta kronika sozialera itzuli da. Bardemen ondoan zinema espainiarreko hainbat izen ezagun daude, eta, bigarren mailako rol batean, Karra Elejalde. Nabarmentzekoa da Gustavo Santaolallaren parte-hartzea; musikariak hasieratik egin du lan Gonzalez Iñarriturekin, eta bereizketa etorri zenean, zuzendariaren alde egin zuen.
'BIUTIFUL'
Zuzendaria. Alejandro Gonzalez Iñarritu.
Aktoreak: Javier Bardem, Blanca Portillo, Ruben Ochandiano, Felix Cubero, Martina Garcia, Manolo Solo, Eduard Fernandez.
Herrialdea: Mexiko.
Urtea: 2010.
Iraupena: 138 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Urrian estreinatu zuten Ipar Euskal Herrian.
ZINEMA. ESTREINALDIAK
Dibortzioaren osteko drama
Guillermo Arriaga gabeko bere lehenengo pelikula egin du Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarrak, 'Biutiful'. Sufrimenduaren inguruko hausnarketa gogorra filmatu du bere lanik intimistenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu