Dibulitoon ekoizpen etxeak gaur estreinatuko du Mystikal, Euskal Herrian croma teknologiarekin eta benetako dekoratu bakar bat erabili gabe egindako animazioko lehen film luzea, Donostiako Viktoria Eugenia aretoan, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen aurreneko eguneko egitarauaren barruan. Ondoren, Sevillako zinema jaialdian emango dute, azaroaren 6an, eta areto komertzialetara abenduaren 3an iritsiko da.
Avatar eta 300 film ezagunetan erabili izan da, besteak beste, croma teknologia. Mystikal-ek benetako aktoreak pertsonaia eta dekoratu birtualekin konbinatzen ditu, eta efektu bereziak ere baditu. Filmean parte hartu duten aktoreen artean, Iban Garate da presentziarik handiena duena. Ramon Agirre, Kandido Uranga, Maite Agirre eta Savitri Ceballos aktoreek ere parte dute filmean.
Familia osoari bideratutako fantasiazko filma da Mystikal, Erdi Aroan girotua. Eldyn mago ikaslea trakets eta inozo samarra (Iban Garate) da pertsonaia nagusia. Hutsegite baten ondorio okerrak konpondu beharko ditu, eta horretan Fira ninfa txikiaren laguntza borondatetsua izango du. Bidean era askotako pertsonaia fantastikoekin egingo dute topo Eldynek eta Firak.
Angel Alonsok zuzendu du Mystikal, Joan Alvarezek idatzitako gidoian oinarrituta. Alonsoren aurreneko filma, El ladrón de sueños, Espainiako zinemagintzako Goya sarietarako hautagaien artean izan zen.
Dibulitoonek gaur aurkeztuko du 'Mystikal', croma teknikaz egindako filma
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen aurreneko egunean ikusiko diren filmetako bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu