Hainbaten esanetan, Peter Sellers handiaren oinordekoa da Sacha Baron Cohen. Britainiarrak, jatorri judukoak, umore sarkastikoaren jabeak eta transformismorako abilezia ukaezinekoak. Horiek lirateke bi aktoreen arteko parekotasun nagusiak. Hala ere, Sellersen ondoan Baron Cohenek oraindik ere rol dramatikoetarako gaitasuna erakusteke du.
Ali G rap musikariaren mozorropean ezagutarazi zuen bere burua aktore eta ekoizleak. Milurtearen hasierarekin batera Da Ali G show-arekin estreinatu zen telebista britainiarrean, eta, hasierako kritikak oso onak izan ez baziren ere, ikusleek berehala babestu zuten Ali G-ren umore berezi eta askotan surrealista.
Hori dela eta, handik gutxira pantaila handirako saltoa etorriko zen. Ali G Indahouse (Mark Mylod, 2002) estreinatu zenean ez zuen aparteko oihartzunik izan, baina hori izan zen jende askoren aurrean Sacha Baron Cohenen aurkezpena. Protagonista lana egiteaz gainera, ekoizlearena ere egin zuen aktoreak.
Benetako jauzia lau urte geroago etorri zen. Kazakhstandik etorri zen albistea, eta berriemailea Borat kazetari ahaztezina izan zen. Ikusle askok ez zuten ulertzen zer ikusten ari ziren pelikula demonio horretan, zaharkitutako dokumental baten itxurapean ezkutatzen baitzen. Umore politikoki ez-zuzenaren aldarria bere eginez, Sacha Baronek ez zuen inongo konbentziorik errespetatu: juduen kontra aritu zen, AEBetako biztanleen fobia guztiak ekarri zituen pantailara, kazakhstarrak herri atzeratu gisa aurkeztu zituen...
Askoren ezusterako, formulak arrakasta handia izan zuen. AEBetan gehien ikusitako pelikuleenartean lehen postuan egon zen hainbat astez, eta filmak Oscar sarietarako izendapen bat eskuratu zuen, moldatutako gidoi onenaren atalean. Horrez gain, mundu osoko milioika ikuslek gozatu zuten Borat kazetariaren umore sailkaezinarekin.
Husseinen itzala
Filmak Sacha Baron Cohen modako pertsonaia bihurtu zuen. Aktoreak oso ongi daki bere irudia nola landu, eta, behar izan zuen guztietan, pantailatik kanpo ere Boratena egiten segitu zuen. 2009an arrakasta errepikatzen saiatu zen Brüno filmarekin, baina kazetari austriar homosexualaren istorioak ez zuen horren harrera beroa izan.
Hortik aparte, aktoreak bestelako filmetan ere hartu izan du parte azken urteotan, besteak beste, Sweeney Todd-en (Tim Burton, 2007) eta Hugo-n (Martin Scorsese, 2011). Dena den, aktore serio gisa erronkarik handiena iristeko du, Queen taldeko abeslari izandako Freddie Mercuryrena eginen baitu zineman.
Hori baino lehen, Haffaz Aladeen diktadore afrikarraren izaera hartu du. Ohi bezala, azken hilabeteotan diktadorearen rola han eta hemen jokatu izan du; ahaztezina da azken Oscar sarietan egin zuen parodia Kim Jong-il diktadore korearrari gorazarre eginez. Pelikulan egin duen pertsonaia neurri handi batean Saddam Husseinen oinarrituta dirudi, nahiz eta aktoreak behin eta berriro ukatu duen hori. Inorekin antza izatekotan, Gaddafi zena aipatu izan du Sacha Cohenek.
Beste behin ere, etiketen gaineko umorea erabili du The Dictator-en, baina bere pelikula guztietan gertatzen den bezala, okerra litzateke soilik horretan gelditzea. Borat gizarte estatubatuarraren erradiografia ozpina bazen, honetan ere txisteen artean demokrazia eta askatasunaren inguruko hausnarketa zorrotza dago.
Haffaz Aladeen jeneralarena egin du Sacha Baron Cohenek, Wadiya herrialdea modu ezin krudelagoan gidatzen duen diktadorea. Petrolio erreserba handiak dituen herria da berea; horri esker, mundutik bakartuta iraunahal du. Aladeenena da indarrean dagoen lege bakarra.
Baina laster aldatuko da diktadorearen eta haren laguntzaileen patua, mendebaldeko herrialdeek gero eta interes handiago agertuko baitute herrialdean, eta horrekin batera demokrazia eske hasiko direlako. Gero eta gehiago izango dira Nazio Batuen Erakundetik jasoko dituzten zigorrak eta armen ikuskatzaile bat bidali nahi dute Wadiyara.
Nazioarteko gatazka konpondu nahian, Aladeenek New Yorkera jotzea erabakiko du. Han, besteak beste, bere politika batere maite ez duten erbesteratu politiko talde ugari aurkituko ditu. Horrekin batera, askatasunaren lurraldean beste gauza interesgarri asko ikasiko ditu diktadoreak.
'THE DICTATOR'
Zuzendaria: Larry Charles.
Aktoreak: Sacha Baron Cohen, Anna Faris, Ben Kingsley, Jason Mantzoukas, Anthony Mangano, Jeff Grossman, Megan Fox, John C. Reilly.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Iraupena: 83 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian
Zinema. Estreinaldiak
Diktaduraren alderdi umoretsua
Sacha Baron Cohenek Afrika iparraldeko agintari krudel baten rola hartu du 'The Dictator' filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu