«Diru zorrik ez badu», Euskadi sariaren dirua emango diote Sarrionandiari

EAk Blanca Urgell sailburuari eskatu dio «aurreiritzi politikoak» alde batera utzi eta dirua idazleari emateko

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Administrazioarekin «inolako zorrik» ez duela egiaztatuz gero, Euskadi sariari dagokion dirua emango dio Eusko Jaurlaritzak Joseba Sarrionandiari. Blanca Urgell Kultura sailburuak hala esan zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean, Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasunako legebiltzarkideak eginiko galderari erantzunez. «Ez dut esan saria ez zaionik emango, baizik eta eskatu diogula eskatu behar zaionari esan diezagun ia administrazioarekin kitatu beharreko zorrik daukan ala ez», azaldu zuen Urgellek.

Agirrezabalak gogorarazi zion Urgelli Jaurlaritza ez dela botere judiziala. Eta, kasu honetan, gobernuak botere judizialak hartu beharreko erabakia hartu duela. «Jaurlaritzak irizpide politikoekin jokatu du, eta ez oinarri legalekin». Gaineratu zuen Sarrionandiaren familiak argi esan zuela ez duela inongo zorrik epaitegiekin eta administrazioarekin.

Urgellek berak adierazi zuen Sarrionandiak «biolentzia terrorista amaitzearen aldeko adierazpen garbiak» egin dituela. «Baina ezin dut ahaztu haren iraganak oraindik ere oihartzun mingarriak dituela biktima askoren memorian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.