Dirurik ez Guggenheimentzat

Eusko Jaurlaritzak ez dio museoari emango obra berriak erosteko aurten adjudikatuta zegoen milioi bat euro

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Bilboko Guggenheim Museoari fondoetarako obra berria erosteko adjudikatutakomilioi bat euro ez dizkiola emango jakinarazi zuen atzo Blanca Urgell sailburuak (PSE-EE) HABE Helduen euskalduntze aren ikasturtearen inaugurazioan. Urgellek Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei ezarritako defizitaren kontrola dela eta, defizita murrizteko bidetzat hartu dutela argudiatu du. Halaber, Kultura Sailak ez du museoaren patronatuaren batzarreko egunik aurreikusita. «Berehalako beharrik ez dagoenez, hobe da hauteskundeak pasatu arte itxarotea», argitu du Urgellek.

Eusko Jaurlaritzaren erabakia ezagutu eta berehala eztabaida handia piztu da gaiaren inguruan. Horren kontra agertu dira Bizkaiko Aldundiko gobernuko ordezkariak. Aldundia museoko kide fundatzailea da Eusko Jaurlaritzarekin batera. Jose Luis Bilbaok Bizkaiko ahaldun nagusiak (EAJ) gogor kritikatu du museoari diru partida kentzea, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak Bakearen eta Askatasunaren Aldeko Urtean«bost milioi euro gastatu eta gero» etorri dela erabakia. Haren iritziz, Kulturen urtea «inor ohartu gabe igaro da, eta euskal gizartean ez du ezer utzi».

Bizkaiko PP alderdiak ere erabakiaren kontrako iritzia azaleratu du eta eskatu du obra berria erosteko Jaurlaritzak adjudikatutako dirua museoari ematea. Hala, Esther Martinez Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdiko bozeramaileak ere gogor kritikatu du Urgellek zuzendutako sailaren jarrera. Hala, krisiak bere «eginbeharra» betetzeaz liberatzen duela esateak «lotsagabekeria» dela iritzi dio Martinezek. Eta Eusko Jaurlaritzako gobernuari eskatu dio azaldu dezala «zertan gastatu duen» Guggenheim Museoari eman beharreko dirua. Horrekin batera, «Administrazio publikoa bere eginbideak betetzekoeginbidea du», gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzako gobernuari.

«Kalterik ez», Urgellen ustez

Blanca Urgellen iritziz, ordea, erabakiak ez dio kalterik ekarriko Bilboko museoari. Izan ere, azaldu duenez, Guggenheimek ez zuen aurreikusita aurten obra berririk erostea. «Gainera, aurreko urteetatik gastatu gabeko fondo bat existitzen da», argudiatu du Kultura sailburuak.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko idazkari nagusiak Kultura Sailaren jarrera babestu du. «Gertatzen ari denarekin, logikoa da Eusko Jaurlaritzak Guggenheim Museoko sozietate edukitzaileari milioi bat ez ematea lan berriak erosteko, obra berririk erosteko aurreikuspenik ez baitago», Pastorren iritziz. Azaldu duenez, «gutxienez» museoak 4,2 milioi euro ditu aurreztuta obra berriak erosteko. Halaber, gogor kritikatu du Bizkaiko ahaldun nagusiaren jarrera eta museoaren «erabilera alderdikoia» egitea egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.