MUSIKA

Disko hirukoitza aurkeztuko du Berri Txarrak taldeak

Taldearen sorreraren 20. urteurrena ospatzeko, hogei abesti biltzen dituzten hiru disko argitaratuko ditu Lekunberriko taldeak azaroan. Bigarren singlea 'Badok.info' atarian izango da entzungai urriaren 6tik aurrera.

Berri Txarrak taldeko kideak. BERRI TXARRAK
2014ko urriaren 3a
11:34
Entzun

Denbora da poligrafo bakarra du izena diskoak, eta horrela azaldu dituzte lan berriaren sorreraren xehetasunak: "20. urteurrena ospatzeko zerbait berezia eskaintzeko gogoa piztu eta ‘Haria’ bira amaitu orduko kantu berriak lantzen hasi ginen. Sortze prozesu luzeari hasiera eman genion hala, ’20 urte 20 abesti’ leloa buruan iltzatuta".

Musika "etengabeko bilaketa" dela sinetsita, baina, beste asmo bat zuten: lan berriko abestiak hiru zatitan banatzea: "Hiru ekoizle arras ezberdinen eskutan jartzea, rocka ulertzeko hiru molde, hiru ikuspuntu (ia) kontrajarri, ez bada kantuaren alde egiten dutela denek".

Hala, 2014an zehar hiru grabaketa saio egin dituzte, haientzat "bereziak" diren beste hainbeste ekoizlerekin. Kronologikoki, Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevensonekin.

Martxoan eta apirilean arituk ziren Ross Robinsonekin lanean, Kalifornian (AEB): ‘Haria’ (2011) diskoaren grabaketan piztu zen elkarrenganako lilurak Ross Robinson-BTX elkarlan artistikoan urrats berri bat ematera eraman gintuen". Uztail eta abuztuan aritu ziren Ricky Falknerrekin, Madrilen: "Estilo-ariketa honetan abesti sorta berezia prestatu genuen bigarren EP-rako, aurreiritzi guztiak alboratuta. Ricky Falkner (Standstill, Lori Meyers, Love of Lesbian...) Bartzelonako ekoizlearen atea jotzea erabaki genuen, gure ohiko soinukera (horrek inongo zentzurik badu) beste norabaitera eramango zuelakoan. Hitz ilunkarak kantuen oinarrian, pop zertzeladaz zipriztindua dator disko hau".

Hirugarrena, berriz, irailean grabatu dute, Bill Stevensonekin, Coloradon (AEB): "Punk rockaren historian ezinbesteko izena dugu Bill Stevenson: Black Flag, Descendents, All, Only Crime eta baita The Lemonheads taldeetan bateria jotzaile, ezaguna da azken urteotan AEB-ko punk ekoizle gisa egindako disko andanarengatik: Rise Against, NoFX, Alkaline Trio... Jason Livermore ingeniaria beti alboan duela". Kantu laburrak eta zuzenak dira nagusi: "Bi minutu inguruko bala azkarrak oro har, The Blasting Room estudio mitikoan gela berean, estilo zaharrera astebetean grabatu eta nahastutakoak".

Datorren astelehenetik aurrera, hilak 6, disko berriko Lemak, aingurak bigarren singlea entzungai izango da badok.info euskal musikaren atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.