Disko merkatua aztertuko dute Donostiako jardunaldi batzuetan

Teknologia digitalaren eta diskogintzaren arteko harremanaz ariko dira hainbat aditu, bihar eta etzi, Kursaalean

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Diskoetxeen Elkarteak (EHDE) antolatuta, teknologia digitalaren eta diskogintzaren merkatuaren arteko egokitzapena aztertuko dute hainbat adituk, bihar eta etzi, Donostiako Kursaalean.

Josu Xabier Larrinaga soziologo eta EHUko Gizarte Antropologia irakasleak kultur industriaren inguruko zenbait gako emango ditu bihar, jardunaldietako lehen hitzaldian. Atsedenalditxo baten ostean , kontsumo digitaleko ohituren inguruko aldaketak izango ditu mintzagai Juan Pazek. Music Ally-ko proiektu berezien eta ikerketen zuzendaria eta Aliado Digital webgunearen editorea da Paz. Do It Yourself punk lelo klasikoaren mugak, deskarga plataformen gaurkotasuna, diru iturrien dibertsifikazioa eta marketin digitala jorratuko ditu, besteak beste.

Ostiral goizean bi hitzaldi izango dira. The Orchard musika digitaleko banatzailearen ordezkari batek, Albert Torresek, zenbait kate digitaletan dauden salmenta aukerak aztertuko ditu,eta kanalen artean etorkizun oparoagoa duena streaming-a dela azalduko du. Lutz Emmerich, Espainiako Spotifyko zuzendaria, plataforma horren arrakastaren inguruan ariko da ondoren.

Jardunaldiak mahai-inguru zabal batekin amaituko dira. Albert Torres bera (The Orchard), Xabi Erkizia (musikaria, Arto Artian katalogoko kidea), Patxi Goñi (Gor diskoetxea) eta Javier Del Pino (AE Distro zigilukoa) izango dira lau mintzaideak. Merkatu digitalean euskal musikaren egoera zein den aztertuko dute parte-hartzaileek, eta, besteak beste, diskoetxeen egungo egoera eta etorkizuna, autoekoizpenaren onurak eta desabantailak, jabetza intelektuala eta pirateria, copyright eta copyleft-a, eta lizentzia modalitate berriak xehatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.