Ruper Ordorikaren Kantuok jartzen ditut urriaren bukaera aldera izango da kalean. Bi urte beteko dira Hurrengo goizean plazaratu zenetik, eta ordutik hona hainbat zuzeneko kontzertu eman ditu bere talde Mugalarisekin. Azken hilabeteetan, baina, konposizio lanetan jardun du; Azkarateko Argiñenea estudioetan aritu da grabatzen, Jonan Ordorika teknikaria aldamenean zuela. Kantu sorta berriak aurreko lanen ildoari eusten dio, haize berriei muzin egin gabe. Bederatzigarren diskoa izango da, bildumak eta Hiru Trukurekin eginak aparte utzita.
Oskorri folk talde ezagunak ere aspertu gabe dihardu lanean, dagoeneko besapean disko dozena parea izan arren. 12 kantu berri dakartza Desertore-n. Elkar diskoetxekoen arabera, «25 Kantu-Urte diskoaz geroztik, lanik fresko eta beroena».
Jabier Muguruzak Madrilgo Resistencia disketxea hautatu du oraingoan, bere musika Euskal Herritik kanpo ateratzeko baliagarri gertatuko zaiolakoan. Azkarateko Katarain estudioan grabatu zuen, aurreko diskoetako musikariekin. 10 abestik osatzen dute, ohiko estiloan, Enegarren postala.
Karidadeko Benta taldearen lehen diskoak ere piztuko du jakin-mina. Jon Maia bertsolariak sortutako kopla eta bertsoak abiapuntu hartuta, munduko herri doinuetara jo dute: Euskal Herrikoak, Marokokoak, Karibekoak... eta eurek konposatutakoak ere bai. Taldearen osaera ezohikoa da: helikoia, tronpeta eta klarinetea bost sokako baxuarekin, perkusioarekin eta biolinarekin nahasten dira. Besteak beste Pello Errota eta Txirrita dituzte bidelagun.
Rock musika ere ugari
Rockari begira, Berri Txarrak taldeak Libre laugarren diskoa grabatu du Garate estudioetan; Kaki Arkarazo ibili da berriro teknikari lanetan. Abuztuaren hondarretan nahasketetan aritu ziren, eta laster plazaratuko dute hamar kantuz osaturiko diskoa. Orain, Lekunberrikoak bira egiten ari dira Katalunian.
Rock eta metal musikan badute eskarmenturik Eraso! taldekoek ere. Hirugarren diskoa kaleratuko dute. Mikel Kazalisek (Anestesia, Negu Gorriak, KuraiaÉ) grabatu eta ekoitzitako Grisez bustitako egunak Haritz Harregik nahastu du. Eta Kuraiak ere diskoa du labean: behin-behineko egitasmo gisa sortu zen, disko bakarra ateratzeko asmoz, baina urte eta erdi honetako birarekin gustura, beste disko bat grabatzea erabaki dute. Ibilbideari amaiera emateko izango dela diote. Ikusiko da.
Heavya atsegin duenarentzat ere bada diskorik, Harlax eta Ileon taldeenak, esaterako. Horiek soinu gogorrei eusten diete; beste batzuk, berriz, lasaituz doaz: Rafa Rueda PiLT taldeko abeslariak britainiar kutsuko pop rock soinuak landu ditu Kea diskoan. Orain artekoak baino soinu leunagoak eta giro lasaiagoak.
Eta, noski, beste estilo batzuk ere izango dira. Angel Unzu konpositoreak hamar melodia batu ditu, sokarako moldatuak. Axular DJak, trans-progresive musika dakarÉ DVD formatuan ere kaleratuko da lanik. Tijuana in Bluekoek aurtengo zuzeneko hiru kontzertu grabatu dituzte. Eta kalean da Skalariak taldearen hastapenei eta ibilbideari buruzko DVDa.
Noizpop, zigilu berria
Gaztelupeko hotsak disketxeak Noizpop zigilua sortu du, proposamen indie-nei lekua egiteko. Euskal Herriko zein nazioarteko pop taldeak hartuko ditu bere baitan, eta Gernikako Audience taldearekin estreinatuko da. Ingelesez abesten dute Audiencekoek, eta bigarren diskoa aterako dute, Second handed.
Metak disketxeak, berriz, Pil Pil Sessions saila jarri du abian duela gutxi, esperimentaziorako leihoa. Orain Anari eta Petti batu dituzte, azken urteetan zeresanik eman duten euskal musikari bi. Sen taldeak, berriz, Hendrik Roeverrekin (Los Deltonos, Hank) aterako du diskoa.
BERRARGITALPENAK
Atzoko musika berritzen
Disko berriek ez ezik, berrargitalpenek eta bildumek ere izango dute tokirik. Esaterako, Errobiren eta Zaramaren diskografia osoak argitaratuko dituzte, bildumazaleentzat. Mikel Laboak ere atzera begiratu du, eta bere lehen sorkuntzak bildu ditu disko batean, 60ko hamarkadako kantak. Dena den, kanta berriak atontzen ere badihardu. Eta Ez Dok Amairu zeneko beste bi musikariren disko-liburua ere kaleratuko dute, Artze anaiena; JosAnton Artzeren dokumentazioaz gain, anaiek elkarrekin emandako saio inportanteenak biltzen ditu. Bap!! taldearen azken kontzertua gogoratu nahi duenak, berriz, CDa eta DVDa izango ditu eskura. Eta Sex-n-roll bilduman sexuarekin eta rockarekin lotutako abesti andana aurki dezakegu: La Polla, Gatibu, Ertzainak, Kortatu, Latzen, Urtz, Barricada...