121 buru eta, ondorioz, 121 aburu jasotzen ditu Kafe aleak liburuak, Gernikako Kafea eta Galletak forumaren antolatzaileek argitara emandako lanak. 121 musikazaleren iritziak jaso dituzte. Ipuin bihurturik batzuk, eta kritika forma hartuta beste asko. Egileek eurek libreki idatziak denak ere. Askotariko testuak dira, sortzaileak ere elkarren artean oso desberdinak direnez. Ordea, lan eta sortzaile guztiek oinarri bi dauzkate: disko batez idatzi duten musikazaleak dira. Baina ez musikariak.
Izan ere, «musikari aktibo-entzule pasibo araua» apurtu gura izan dute Gernikako Kafea eta Galletak forumaren bultzatzaileek, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak.
2008an ekin zioten forumari, Gernikako gaztetxean. «Diskoak elkarrekin entzun, eta sortzen ziguten lilura partekatu nahi genuen. Telefonoz, Internet bidez, autoan gindoazela egiten genuena egitea zen asmoa, hau da, entzundako diskoez eta musikaz hitz egin, baina diskoak leku publiko batean eta ozen entzunez. Musika lehen planoan jarriz».
Musikariek eurek aukeratu izan dituzte orain artean diskoak. Eta entzunaldiaren eta solasaldiaren ostean, kontzertuak eman dituzte. Ostera, formatu horren mugez jabetu, eta hitza musikazaleei eurei ematea otu zitzaien Kafea eta Galletak forumekoei. «Gogo handia genuen beste jende batekin zerbait egiteko: saioetara zetozenekin, kontzertuetatik ezagutzen genituenekin, gustatzen zaizkigun gauzak egiten dituztenekin...». Horien guztien hitzak jaso, eta liburu bat egitea erabaki zuten. Kafe aleak, hain zuzen.
Zerrenda luze-luze bat egin zuten, liburuan parte hartzea nahi zuen pertsona guztiekin. Baina ohartarazi dute liburuan ez daudela nahiko lituzketen ahots guztiak. Eta horrek «min handia» egiten diela aitortu du Rodriguez Garciak. «Emakumeak %25 baino ez dira liburuan».
Gogotik saiatu dira emakume gehiagoren testuak lortzen. Baina ez dute modurik izan. «Ezezko ugari jaso ditugu». Ondorioz, liburuan parte hartu duten eta musikaz idazten duten emakumeen kopurua «batere errealista ez» dela ohartarazi dute, «Kafea eta Galletak forumeko publikoaren gehiena emakumezkoa baita, baita gainerako kontzertuetako publikoaren erdia ere».
Alabaina, «musika taldeetan, testugintzan, diskoetxeen kudeaketan eta disko dendetan emakumeak oraindik ere gutxiengoa dira», Lopez Ziluagaren esanetan. «Zer esanik ez ikuspegi feministarekin lan egiten dutenak». Eta, beraz, argi du: «Eraldaketa feministak izan beharko luke musikaren arloan gabiltzanon erronka nagusia».
Arrazoi horrengatik, abenduaren amaieran hasiko duten ziklo berrian, saio eta kontzertuen erdiak emakumeenak izango direla aurreratu du. «Eta lortzen ez badugu emakumezko musikaririk, kontzertu gutxiago egingo ditugu», nabarmendu du. Genero ikuspegia egiaz zaindu, eta kontsekuente jokatu nahi dute sustatu nahi duten pentsabidearekin.
Kafe aleak liburuan, besteak beste, honako hauek idatzi dute: Katalin Minerrek, Ainara Lasak, Garbine Ubedak, Maria Ptqk-k, Myriam Garziak, Maite Arroitajauregik, Elena Aizkoak, Nagore Aburruzagak, Oihana Garrok, Patricia Godesek, Miriam Lukik, Nerea Olaziregik, Beatriz Pintok, Izarne Oiarzabalek, Sabrina Romerok, Miren Jaiok, Kristina Zoritak, Bego Montoriok, Irene Ormazabalek, Kristina Zoritak...
Testuen egileen artean daude, besteak beste, Iban Zaldua, Igor Elortza, Beñat Sarasola, Fermin Etxegoien eta Imanol Galfarsoro, eta baita BERRIAko hainbat kazetari ere.
Slavoj Zizek pentsalari esloveniarraren testu bat ere bada. Galfarsororen bidez erdietsi dutela azaldu dute Kafea eta Galletak forumekoek.
Liburuan bildutako piezez hitz egitea «zaila» egiten zaie Lopez Ziluagari eta Rodriguez Garciari, «oso-oso desberdinak baitira». Baina Lopez Ziluagak dio musikazaleek hautatu dituzten diskoei erreparatuz gero apenas dagoela musika beltzik, ezta elektronikorik ere. «Disko gehienak AEBetako eta Europako talde zurienak dira, baina ez da harritzekoa, hautatzaile gehienak Mendebaldeko gizon zuriak direla kontuan hartuta».
Besteak beste, Fugazi, Tindersticks, Chavela Vargas, Su Ta Gar, Pink Floyd, Led Zeppelin eta Xabier Leteren diskoez idatzi dute.
Astia hartu, eta liburuko datuak aztertu gura ditu Lopez Ziluagak, «analisi sakonago bat egiteko eta hausnartzen jarraitu ahal izateko». Kafea eta Galletak forumaren helburua horixe baita, musika baliatu gozatzeko eta gogoeta etengabe sustatzeko.
Diskoen azalen marrazkiak
Diskoen irudiak sartzeak egile eskubideekin arazoak sortuko zizkiela konturatuta, Jon Martinek, Alots Arregik eta Joseba Agirrezabalak azaletan oinarrituta egindako marrazkiak bildu dituzte liburuan. Kafe aleak liburu denda eta disko denda txikietan salduko dute. Halaber, www.kafeaetagalletak.net webgunean ere jarri dute salgai.
Horretaz gain, egunero testu bat jarriko dute atarian, euskaraz zein gaztelaniaz, bilduma osatzeraino. Doan deskargatu ahalko da orduan liburu elektronikoan. Liburuan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete. «Musikak eman digun gauzarik onena bidean egin ditugun lagunak dira», idatzi dute liburuan. Auzolanaren bidez iritsi da plazara Kafe aleak. «Argitaratu aurretik hura erosiz mezenas lana egin duten hainbat laguni esker», nabarmendu dute.
Diskoen irakurketak
'Kafe aleak' liburua plazaratu du Gernikako Kafea eta Galletak forumak, 121 musikazaleren estilo askotako testuekinMusika kritikak, fikziozko lanak eta bizipen pertsonaletan oinarritutako piezak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu