Kerobia Iruñeko taldea musikaren industrian sartu zenerako sektorea krisian zegoen. 2003an maketa kaleratu ostean Gor diskoetxearekin plazaratu zituen Kerobia (2004) eta Rose Escargot (2006) lehen bi lanak. Diskoetxearekin «adiskidantzazko harreman sanoa» izan zuten, Xabier Bandini taldeko gitarra jotzaile eta kantariak dioenez. Baina bigarren diskoa plazaratu ostean, diskoetxea utzi eta autoekoizpenaren bidea urratzen hastea deliberatu zuten. «Konturatu ginen gauzak ez zirela egiten ziren bezala egin behar. Ikusi genuen diskoetxeekin jarraitzeak ez zuela ez zentzu komertzialik eta ezta zentzu artistikorik ere. Inertzia tonto bat iruditzen zitzaigun».
Eta zergatik inertzia tonto hori? «Diskoetxeek ez dute diskoetxe funtziorik aspaldian. Beraien enpresa jardun handiena distribuzioa egitea da, banaketa sare handi baten jabe direnez, eta, horrez gain, management lanak egitea».
Musikaren industriarako iraultza eta krisi garaiak dira hauek, eta «onurarik handiena» banatzaile, biltegi eta saltoki handiek ateratzen dute, Bandiniren ustetan. «Diskoa erabat grabaturik eta bukaturik bidaltzen zaie kasurik gehienetan. Beraiek banatu egiten dizute, xentimo bat jarri gabe eta disko bakoitzetik lauzpabost euro atera ditzakete. Horri onura infinitua deitzen zaio ekonomian». Euskal Herriko betiko diskoetxeei ez lieke kritika zorrotzegia egingo Bandinik, «bakoitzak bizibidea atera behar baitu». Baina egoera aldatzeko ez dutela askorik egin uste du. «Planteamendu hori dute askok, banatzaile huts bihurtzen dira, erosoena zaielako. Diskoetxeen garaia amaitu da, zertarako luzatzen ibili?».
Azken hiru lanak, trilogia bat osatzen dutenak —Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009), Ontziak (2010)— euren kabuz argitaratu dituzte. Ez hori bakarrik, autoekoizpenaren bidea hautatzeaz bat SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartetik irteteko erabakia ere hartu zuen. Gauzak ez zaizkie batere gaizki joan. Pop talderik estimatuenetakoa da Euskal Herrian: «Salmentetan ez dugu alde handirik nabaritu, diskoetxearekin atera edo guk atera. Lehen formatu fisikoan saltzen genuen adina saltzen dugu orain ere».
Kerobia
«Diskoetxeen garaia amaitu da; zertarako luzatzen ibili?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu