Bi marka diferente dira, baina lehenak bigarrena erosi zuenetik, Disney eta Pixar aterki beraren azpian daude. Disneyk animaziozko zinemaren alderik klasiko eta atzerakoiena ordezkatzen du; Pixarrek, berriz, garaikideena eta iraultzailearena. Horrela segitzeko asmoa dute, zigilu bakoitzak bere produktuak ekoizten.
Baina John Lasseter da egun bien sorkuntza zuzendaria, eta Pixarretik etorritako aztiaren eskua nahitaez Disneyren filmetan ere nabaritzen hasi behar zen. Hala gertatu da Tangled-ekin. Disneyren azken film horretan printzesa bat da protagonista. Horretan ezusterik ez, oso normala baita Disneyrenetan printzesak, printzeak eta abarrekoak agertzea. Baina Rapunzel ez da ohiko printzesa waltiarra, ez du zerikusirik ekoizpen etxeak egin ohi dituen pertsonaia otzan eta asexuatuekin. 21 metroko ile luzea du Rapunzelek, eta horri askotariko erabilera emanen dio.
Oraingoan Grimm anaien narrazio batean oinarritu dira gidoilariak, eta, Disneyren istorio guztietan gertatzen den bezala, printzesaren ondoan printzea behar da. Kasu honetan, Flynn Rider bide-lapurra da. Rapunzelek itxita daukaten gaztelutik ihes egin nahi du, eta, horretarako, Rider erakargarriaren laguntza onartu beharko du. Biak abentura luze batean sartuko dira.
Honakoa Disneyren 50. film luzea da. Kopuru esanguratsua da, horregatik marketin kanpaina handi baten laguntzaz merkaturatu dute Tangled. Aurreko hilabetean izan zuen mundu osoko estreinaldia AEBetan, eta dagoeneko sartua dute Oscar sarietarako hautagaien artean. Azken urteotan animazio film guztiekin gertatu ohi den bezala, honek ere bi eta hiru dimentsiotako aukerak eskainiko ditu.
'TANGLED'
Zuzendariak: Nathan Greno eta Byron Howard.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2010.
Iraupena: 91 minutu.
Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Disneyren berrogeita hamargarrena
Ile luzeko printzesa berritzailea da 'Tangled' animaziozko film berriko protagonista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu