Ezkatek distira gehiegi dutela eta ez dutela inor engainatzen abesten zuten Barricadakoek. Ezkatak zituen, eta distira, Chris Isaak abeslariak bart Azkenako agertoki nagusira atera zuen traje urdinak. Rocka ikuskizun modura ulertzen dakien horietakoa da Isaak, baina jakin badaki, baita ere, estalkiaren atzean haren ahotsa dela benetan distira duena eta magikoa dena. Ez da gaitasun hori duen bakarra, eta jaialdiko bigarren jardunaldia izan zen horren erakusgarri.
Isaak kartelburuan zetorren aurten, eta ordu eta erdiz God agertoki nagusia beretzat izan zuen. Bluesetik rockabillyra, surfetik rantxeretara, paleta oso bat zeharkatu zuen Kaliforniako musikariak bitarte horretan, akaso bere errepertorioaren parterik serioenak alde batera utzita, kontzertu freskoago baten mesederako. Eta ez zuen askorik gorde amaierarako. Hasi eta gutxira kateatu zituen Two Hearts, Blue Hotel, Wicked Game edo San Francisco Days ezagunak.
Aktore formazioari ere etekina atera zion, publikoarekin hasieratik konexio bila. Jende aurrera jaitsi zen abestera, Hersel Yatovitz gitarra-jolea ikusle artera bidaltzen zuen bitartean. Bertsioetan luzitu zen abeslaria, ohi duen bezala. Mendizabalan omendu zuen Johnny Cash, "Nortzuk zarete bekatariak?" galdetu eta segituan Ring of Fire abestiari helduta. Roy Orbinsonen Pretty Woman eta James Brownen I'll Go Crazy ere jo zituen. Talde guztia agertokiko aurrealdean eserita, taberna giroan, gazteleraz ere ausartu zen, Flaco Jimenezen La Tumba Sera el Final kantuarekin. Musikak batzuetan transzendentziarako eta seriotasunerako joera izaten du, baina dibertsiorako tresna ere badela argi utzi zuen Isaakek.
Kiwanuka, harribitxi berria
Hiru ordu arinago Mendizabalako agertoki handian agertu zen Michael Kiwanuka. Isaaken kontrakoa, jarreran. Hitz gutxi batzuk trukatu zituen publikoarekin, eta musikari ekin zion soul estiloko izar berriak. Jaialdi rockero batean haren proposamenak izango zuen harrerari buruz zalantzak egon zitezkeen, baina geratu zirenei emanaldi zoragarri bat eskaini zien, hasieratik bukaeraraino.
Love & Hate bigarren diskoan oinarritu zen kontzertua. Cold Little Heart abestiaren sarrera luzearekin abiatu zen, mantso-mantso bideratuta. Akaso hor diskoan lagun dituen koruak bota ziren faltan, baina hori baino ez. One More Night eta Black Man in a White World mugituekin jarraitu zuen, kontzertuan arreta jarri zuten ikusleak poltsikoan sartzeko.
Kiwanukaren bandak emanaldi osoa aberastu zuen, diskotik zuzenerako trantsizioa bikain bideratuta. Une lasaiak ere azpimarratu zituzten gitarrek, The Final Frame abestian, esaterako. Tartean Jimi Hendrixen bertsio bat sartuta, kontzertuari amaiera eman zion Love & Hate kantuarekin. Musikari gaztea ez da leundu beharreko harribitxi bat. Diamante bat du eztarrian.
Astbury, maisu
Isaaken eta Kiwanukaren kontzertuetan jaialdiaren parterik lasaiena islatu zen, baina soinu gogorrek ere lekua izan zuten, ohi denez. The Cult taldearen kontzertuak itxi zuen aurtengo Azkena Rock. Orain dela urte batzuk ARFn eskainitako kontzertuak muturra okertuta utzi zituen zale ugari, eta atzo mendekua hartu zuen Ian Astbury abeslariak. Soinu eta bolumen indartsu baten eskutik sekulako erakustaldia eskaini zuen The Culteko kantariak, Rain, She Sells Sanctuary edo Sweet Soul Sister epikoetan. Astbury adarjotzaile ibili zen, zentzu onean, The Stooges edo Princen abestien pasarte batzuekin jolastuz abestien arteko etenaldietan.
Bigarren jardunaldiak ere Union Carbide Productions taldearen bilkura utzi zuen. Taldeak gerora Eskandinaviako musikan izan zuen eraginagatik egin da ezagun. Jatorrizko elementu horiek presente egon ziren emanaldian, ziur aski Ebbot Lundbergen ondoren abiatuko zituen proiektuek kalitate handiagoa izango bazuten ere. Indarra eta bi baxu-jotzaileko formazio ezohikoa erabili zuten. Eskandinaviako eskola horren beste erakusle bat Bloodlights izan zen. Punk musikatik hurbilago, kontzertu dibertigarria eman zuen Captain Poonen taldeak, besteak beste, The Damned taldearen New Rose abestiaren bertsioa sartuta.
Antolakuntzan, onena
Bigarren jardunaldian 17.100 ikusle gerturatu ziren kontzertu eremura. Bi egunetan 35.800 ikusle izan ditu Azkena Rock jaialdiak. Ziur aski, antolakuntza aldetik inoizko ediziorik onena izan da. Espazio berriek eskaintza biderkatu dute -oso dibertigarria borroka libre mexikarra, benetan-, komunak eta zerbitzuak jaialdi jendetsu batek exijitzen duen neurrian egon dira azkenik, cashless ordainketak ondo funtzionatu du, eta aurten ez da agertokien soinuari buruz inolako kexurik egon. Datorren urterako hitzordua ere itxita dago: ekainaren 22an eta 23an berriro ere rockaren epizentroan jarriko da Gasteiz.