Diziplinen bidegurutzean

Iruñeko Moises Perez Albeniz galeriak 24 artistarekin elkarlanean sortu eta editatu dituen arte kaxak jarri ditu ikusgaiBadiola, Irazu, Salcedo, Muntadas, Miralda, Nagel eta Poyoren lanak dira, besteak beste

Moises Perez Albeniz, atzean bere erakusketa duela, Iruñeko bere galerian; aurten hamabost urte bete dira galeria ireki zuela. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ez dira koadroak, eta ez dira eskulturak ere, baina kasik. Diziplinen arteko bidegurutzean dauden obrak dira. Kaxa bat, funtsean; sortzaile liburu eta objektu artistikoaren arteko zerbait. Hamabost urte dira Iruñeko Moises Perez Albeniz galeria ireki zutenetik, eta erakusketak antolatzeaz gainera, edizio lanak ere egin dituzte ibilbide luze horretan. Artistaren eta galeriaren arteko elkarlanetik sortutako obrak dira orain ikusgai jarri dituztenak. Itxura ezberdina du emaitzak sortzaile bakoitzaren kasuan, baina kaxak dira nagusi aretoan. 33x33 zentimetroko kutxak. Irudi, bideo eta margolanak haien barruan.24 sortzaileren piezak hartzen ditu, guztira, MPA Editions izeneko erakusketak, eta izen handiko artistenak dira haietariko asko: Txomin Badiola, Pello Irazu, Antoni Miralda, Doris Salcedo, Asun Goikoetxea... Ibilbide oso bat, kaxaz kaxa.

Ez da bisitaria kolpe bakarrean hartzen duen erakusketa, urratsez urrats egin beharrekoa baizik. Ohar modura funtzionatzen du, horregatik, aretorako atea gurutzatu bezain azkar ikusleak aurrez aurre ikusten duen piezak. Antoni Muntadas artistarena da, eta abisu moduko bat ematen dio heldu berriari, ingelesez: «Kontuz, pertzepzioak inplikazioa eskatzen du». Printzipio deklarazio bat da, eta piezaren kokapena ez da debaldekoa, Moises Perez Albeniz galeristak azaltzen duenez: «Liburu batek esaten duena ulertzeko, liburua irakurri behar da. Antzera gertatzen da arte garaikidearekin. Ezin da erakusketa batera kode estetiko estu batekin sartu. Ezin da dena bi muturretara mugatu: 'gustatzen zait ala ez zait gustatzen'. Bestelako irakurketa bat behar du arteak».

Konplizitatea da obra guztien abiapuntua, galeristak dioenez. Hurbilekoak dituzte erakusketan parte hartzen duten artistek. Eta eskutik aritu dira lanean. Badiolaren bi pieza daude adibidez galerian, eta harekin hasi zuten kutxen egitasmoa, 1999an, eta Irazurena da aretoko lanen artean berriena. Tapa garden bati esker, nahasi egiten dira elkarrekin eskultura eta argazkia haren lanean. Egia esan, kasik, diziplina orok dauka lekua kaxa horietan. Asuncion Goikoetxearen margolanak, Nerea De Diegoren itzal muntaketak, Miraldaren elikaduraren politikei buruzko bideoak, Alex Haas-en irudi abstraktuak, Rafael Navarroren argazkiak, Ricardo Llorcaren irudi mugikorrak...

Artearen politika

Bertakoak eta kanpokoak. Biak hartzen ditu kontuan Perez Albenizek bere galerian, eta AEB, Palestina eta Irlandako artistenekin batera nahasian doaz, horregatik, Euskal Herriko artisten izen-abizenak ere. Izen handiko azoketan aritzen da lanean Iruñeko galeria, eta azken hilabeteetan egin dituzten joan-etorriak dira horren froga. Kasselen (Alemania) egon da orain astebete, Documenta jaialdian, eta Willie Doherty artista irlandarraren eta Emily Jacir palestinarraren lanak eraman ditu; New Yorken izango da azaroan, eta Londonen eta Chicagon egongo da gero. Itziar Okarizen bideo bat eramango du, gainera, Erresuma Batuko hiriburura. Mugimendu bakoitzaren azpian dagoen ildoa da, ordea, Perez Albenizek aldarrikatzen duena. Hamabost urtean egindako ibilbidea, alegia.

«Nik beti izan dut politika ardatz gisa. Baina ideia hori ez dut lantzen politikatik, baizik eta artearen bitartez. Hori da nire esparrua, eta hori da nire lana». Aretoan ezker-eskuin begiratu, eta adibideak aipatzen ditu gero. Doherty, esaterako. Argazki bat da Dohertyren ekarpena: Derryko paisaia industrial gris eta lainotsua ageri duen irudi bat. Pertsona talde bat dago argazkiaren erdialdean; urrun ikusten dira, baita txiki xamar ere inguruan dituzten eraikinen artean. Estua da giroa, eta argazkiaren ertz batean «IRA» dioen pintaketa bat irakur daiteke.

Pisu politiko handikoa da Dennis Adams artistaren lana ere. Argazki bat dago 33x33 zentimetroko kaxaren goiko aldean. Disko biragailu zahar baten irudia da. «Ezin itsusiagoa da argazkia; oso argazki txarra», aitortu du Perez Albeniz galeristak. «Haren atzean dagoena da kasu honetan garrantzitsuena. Poliziak Andreas Baader-en [Alemaniako Armada Gorriaren Frakzioko kide izandakoaren] ziegari egindako argazki bat da Adamsek azalerako hautatu duena. Ustez, norbaitek pistola bat pasatu zion Baaderri ziega hartan, eta bere buruaz beste egiteko baliatu zuen. Haren odol tantak dira disko jotzailean ageri direnak. Baina bertsio ofiziala baino ez da hori. Sinesgarriagoa da hil egin zutela pentsatzea, eta gogoeta hori da kaxa honen bidez Adamsek proposatu duena. Lulaby jarri dio izena lanari: Sehaska kanta». Zehazki argazkian ageri den Eric Claptonen diskoa da kaxa irekitzean bisitariak barruan ikusiko duena, baina moldatuta. Beruna gehitu dio artistak diskoari, eta fisiko bilakatu du argazkiaren zama politikoa.

Ale gutxiko edizioak dira gehienak. Bederatzi edo hamar kopia baino ez dauzkate gehienek, baina badira 50 ale eta gehiagoko batzuk ere. Erakusketan daude galeriak orain arte egin dituen arte kutxa guztiak, baina gehiago egiteko asmoa duela dio Perez Albenizek. Hiru ditu buruan, baina ez du izen-abizenik eman nahi izan. Plazeraz mintzo da. «Oso interesgarria da artistengandik hain hurbil lan egin ahal izatea. Plazer bat da sorkuntza prozesu horretan parte hartu, eta gero emaitzaz gozatu ahal izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.