Musika klasikoa antzoki, kubo eta elizetatik kanpora zabaltzea dute xede Donostiako 73. Musika Hamabostaldiaren antolatzaileek, eta hori dela kausa, kontzertuz beteko dituzte Bulebar, Alderdi Eder eta Urdaneta kaleak, bihar,jaialdiaren lehendabiziko egunean. Horiez aparte, emanaldi itxiak ere izango dira Miramar eta Aieteko jauregietan, San Telmo museoan eta Donostiako udalaren osoko bilkuren aretoan, eta, gainera, Hamabostaldi Solidarioaren barnean, zaharren egoitzetara —Zorroaga, Berio eta Txara II— joango dira musikariak. Azkenik, Antzinako Musika Zikloko bi emanaldi izango dira: Halleko Orkestrak joko du Kursaalen, eta Easoko eskolaniak Santa Teresa komentuan.
Musikeneko Perkuenea perkusio taldekoek eguerdian joko dute, 12:00etan, Urdaneta kalean. Askotariko errepertorioa dute prestatuta, Iraide Ansorena kideak azaldu duenez, eta musika afrikarra, mexikarra zein garaikidea eskainiko dute, «ahalik eta ikusle gehienengana heltzeko asmoarekin». Arratsean, 19:00etan zehazki, bigarren emanaldi bat ere eskainiko dute, Alderdi Ederren. Eguerdian ariko dira Orfeoi Txikiko abeslariak ere, udalaren batzar aretoan. Horiek, lan klasikoak eta euskal musikako pieza batzuen egokitzapenak hartuko dituzte oinarri.
Hamabostaldiak urtero antolatzen ditu Musika Bai! udalekuak, lau eta hamabost urte bitarteko umeak musikazale bihurtu asmoz. Hala, udalekuetan prestatutako kantuak eskainiko dituzte Bulebarrean, 17:30ean. Handik ordu betera, emanaldi bana izango da jauregi banatan: Aurora Parra sopranoa eta Natalia Lunar mezzosopranoa ariko dira Miramarren, eta Ana Schwedhelm sopranoak Elias Benitoren pianoaren laguntza izango du Aieteko jauregiko Ghandi aretoan, Jose Antonio Etxenikek azaldu duenez, Hamabostaldiak ez du oraino kontzerturik antolatu palazioaren barruan, baina, «akustika onena ez bada ere, ezaugarri egokiak ditu gisa horretako emanaldietarako».
Azkenik, Errenteriako Landarbaso abesbatzakoak izango dira San Telmo Museoan, 20:30ean. Bitan banatutako egitaraua eskainiko dute: alde batetik, XX. mende hasierako Frantziako musika gogoratuko dute, eta, bestetik, orduko nahiz egungo euskal konpositoreak, Luis Aranburu, Jesus Guridi, eta Xabier Sarasola, kasurako. Hamabostaldi Solidarioaren barne, berriz, Miren Urbieta sopranoa eta Iker Casares tenorra ariko dira Zorroagako eta Berioko zahar etxeetan, eta Cuarteto Intermezzokoak Txara II-n.
Aurten 63 kontzertu izango dira Hamabostaldian, iaz baino gutxiago, murrizketak direla eta —3 milioi euro pasatxotik 2.850.000 eurotara jaitsi da aurrekontua—. Irailaren 2an amaituko da, eta Claude Debussy konposiore frantsesa izango du ardatz nagusi.
Doako hamar kontzertuk jarriko dute abian bihar Donostiako Musika Hamabostaldia, kalea musikaz betez
Musikeneko perkusio taldekoek joko dute lehenik, eta Landarbaso abesbatzakoekin kantuz amaituko da eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu