Doctor Deseo Bilboko taldeak hamahirugarren diskoa aurkeztu du gaur hedabideen aurrean: Al amanecer seguir soñando. Lanak "musika soinu suabeagoa" duela esan du Francis Diez abeslariak Bilbon, areto txiki eta antzokietan jotzeko modukoa.
Hain zuzen, jendaurrean ostiral honetan hasiko da disko berria aurkezten: Elorrion, Arriola antzokian. Bilboko Arriagan hilaren 21ean eta 22an joko du, Donostiako Viktoria Eugenian 24an... Gasteizen, Iruñean, Bartzelonan, Madrilen eta Mexikon ere ariko da Doctor Deseo kontzertuak ematen.
Al amanecer seguir soñando "lan kolektiboa" dela uste du taldeak, jende askok parte hartu duelako. Hamar kantu ditu, eta haietako bat euskaraz da. Kirmen Uribe, Bernardo Atxaga, Edorta Jimenez eta Itziar Zigaren kontakizun laburrak, zazpi margo eta argazkiak ere badaude —liburu-CD formatuan atera du produktua—.