Dominique A-ren benetako mundua

Munduaren «antsietate garaikidea» 'Le monde réel' disko berriaren hitzetara eraman du Dominique A-k. Disko pausatu bat ondu du, bost laguneko talde batek eta orkestra konponketek lagunduta.

Dominique A-ren hamalaugarren diskoa da Le monde réel. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Dominique A musikari bretoiak (Provins, 1968) hiru hamarkada daramatza frantsesezko musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa izaten. La fossette diskoarekin estreinatu zen (1992), eta orduz geroztik egin duen ibilbideak musikari estimatu bilakatu du Frantzian, nahiz eta izar izatetik urrun egon. «Publikoaren parte batek gogo biziz jarraitzen nau, eta oso eskertuta nago horregatik, baina gehiengoak ez du nitaz ezer entzun». Le monde réeldu azkeneko lana (2022), gaur egungo munduari eta «egoera itogarri bati» begiratzen dien disko. bat.

Dernier appel de la foret hasierako kantuak (basoaren azken deia), bere lurrikara, elur-jausi, sute, birus eta abarrekin, ematen du mehatxuen berri. Hor dago Dominique A-k sumatzen duen mundu erreala, nahiz eta diskoko kantuak idazten hasi zenean ez zuen ideia jakinik buruan: «Hitzak kontuan izanda arraroa eman dezake, baina ez nuen ezer jakinik kontatu nahi», azaldu du musikariak Rockdelux aldizkari digitalari emandako elkarrizketa batean: «Idazten hasten naizenean, sortzen diren ideiek gidatzen naute. Eta sortu zirenak mundu mailako egoera larri batekin lotuta daude, denok hautematen dugun bezala». Onartu du «antsietate garaikideak» harrapatu zuela, eta horrek berak ere harritu egin zuela idatzi ahala.

Dominique A-k orain dela bi urte argitaratu zuen bere azken-bigarrengo diskoa, Vie étrange, pandemiak eta konfinamenduak erabat baldintzatua zegoena, eta musikariak berak bere ibilbide ofizialetik kanpo ikusten duena. Izan ere, harentzat, urte gogor baten bitakora kaiera da Vie étrange, etxean, bakarrik eta zortzi pista batean grabatu zuena, ia gitarrarik gabe eta sintetizadoreei eta erritmo kutxei presentzia erabatekoa emanda.

Le monde réel, berriz, haren ifrentzu gisa uler daiteke, bost laguneko talde organiko batekin grabatu baitu estudio batean, eta, bere aurreko lan batzuetan bezala —Tout será comme avant (2002) da agerikoena—, orkestra konponketek ere leku nabarmena dutelako disko osoan. «Alderdi orkestralak garrantzi handia du diskoan, baina estudioan bildu nituen musikariekin izandako musika elkarrizketa izan da niretzat garrantzitsuena». Orain arte elkarrekin jo gabeak ziren musikariak, eta estudiora sartu zirenean ez zituzten kantuak ezagutzen. «Talde soinu bat sortu behar izan zuten ezinbestean».

Unibertso propio bat duen artista bat izanik ere, molde ezberdineko diskoak grabatu izan ditu Dominique A-k, pop eta rock moldeetara lerratuagoak batzuk (La mémoire neuve, 1995, Auguri, 2001), esperimentalagoak beste batzuk (Remue, 1999), eta batetik zein bestetik edaten dutenak ere bai (L'horizon, 2006). Oraingoan, musikariak ez du ezkutatu zein izan duen erreferentzia nagusia soinua bilatzeko orduan. «Estudioan sartu baino lehen, jende guztiari esan nion entzuteko Talk Talk taldearen Laughing Stock [1991]. Disko horren erritmoak eta espazioaren zentzua hartu nahi nituen ardatz gisa. Kantuek beren denbora behar zuten, eta dinamikak eta airea sentitu behar ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.