Artea

Don Herbert artista hil da

Donostiako Artelekuko litografia estudioko arduraduna izan zen 27 urtez. 2005ean haren omenezko erakusketa antolatu zuten ikasle izan zituen artista batzuek, Artelekun bertan.

Don Herbert, 2010ean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
mikel lizarralde
2020ko otsailaren 14a
11:30
Entzun

«Artista gisa anbiziotsua izan naiz beti, baina ez aitorpena eta ospea bilatzeko lanean». Don Herbertek (Detroit, AEB, 1942) sekula ez zuen ezkutatu bere artista sena ez zetorrela bat artista batek bizitzeko eta oihartzuna izateko egin behar izaten duen ahaleginarekin. Artista gisa onarpena zuen, baina onartzen zuen artearen ondoko alderdiak ez zituela behar bezala kudeatu: «Normalean, ez dut horren damurik izaten; baina lanik gabe eta diru aldetik gaizki nabilenean, bai, orduan oroitzen naiz horretaz», zioen, Juan Luis Zabala kazetariak BERRIAn 2010eko uztailean egin zion elkarrizketan. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Herberten 25 koadro biltzen zituen erakusketa zabaldu berria zuten garai horretan.

Pintore izan zen Herbert, eta 27 urtez Artelekuko litografia estudioko tailerrak ere zuzendu zituen. Donostiako zentroa 1987an ireki zutenetik 2014ra arte. Arte zentroa ireki berria zela muntatu zuen litografia estudioa Herbertek. Garai hartan arte grafikoetako estudioa zeukan Madrilen, Guilermo Chamorrorekin batera, eta 1987ko martxoan lortu zuen Artelekun litografia estudioa «gehiegizko gasturik gabe eta bereziki azkar» muntatzea. Urte bereko maiatzean, ekainean eta uztailean zuzendu zuen lehendabiziko tailerra.

Hainbat urtez Madrilen bizitzen segitu zuen, nahiz eta Donostia zuen lan lekua. 2014an egindako elkarrizketa batean emozioz oroitzen zituen Artelekuren lehenengo urte haiek: «Jende ona zegoen Artelekun hasierako garai hartan. Zerbait diferentea zen, oso askea, zoro samarra. Ni oso ondo sentitzen nintzen. Gauza berria zen. Inork ez zekien zer zen arte zentro bat. Astean lau egunez, goizez estanpatu egiten nuen, eta arratsaldez, eskolak eman. Madrilen hiru egun eman, eta igande gauean hona itzultzen nintzen».

1991n erabaki zuen Euskal Herrira etortzea bizitzera. Lehenbizi, Trintxerpen, Pasaian (Gipuzkoa) bizi izan zen, eta, gerora, Donostiako Loiola auzora egin zuen, Arteleku ondora. «Garai batean, Artelekun lo ere egin nuen, koltxoi bat jarrita».

Atleta artista

Herbert atleta izan zen gaztetan, eta beka baten bidez hasi zen litografia ikasten, Los Angelesen (AEB). Ordurako pintura lantzen hasita zegoen, eta «oso pauso naturala» izan zen litografia ikasten hastea, «mekanikarako nahiz kimikarako» zaletasuna baitzuen. Estanpatzaile gisa egin zuen lan 1973. eta 1974. urteetan, eta orduan animatu zuen lagun batek Espainiara aldatzeko: «Kapritxo moduan Espainiara joatea erabaki nuen. Dibortziatua nengoen, eta ez nuen loturarik. Autoa saldu, eta joaneko txartela erosi nuen 1974ko martxoaren 11n». Espainian Grupo 15 taldeko kideekin jarri zen harremanetan, Maria Corral, Carmen Jimenez, Alberto Portela eta Antonio Reijorekin, besteak beste. «Grupo 15 garrantzitsua izan zen niretzat».

Artelekun litografia izan zuen lanbide Herbertek, baina ez zion inoiz utzi pintura lantzeari. Hain zuzen ere, bere bizitzako bi alderdi gisa ulertzen zituen bi diziplinak: «Neure buruaren erdi bat pintorea da, eta beste erdia estanpatzailea», zioen, nahiz eta bazekien batak eta besteak oso esfortzu ezberdina eskatzen ziotela: «Pintore gisa egiten ari naizenarekin gustura nago, eta litografo gisa, nire ibilbidearen amaieran nago, lan horrek ahalegin fisiko handia eskatzen baitu, handiegia 64 urteko pertsona batentzat. Udako egun batean, estanpazio luze batean, kilo eta erdi inguru gal dezaket». 2006an adierazi zuen hori, baina beste zortzi urtez jarraitu zuen Artelekun litografia lantegiak ematen.

Urtebete lehenago, 2005ean, haren ikasle izandako 22 artistak Herberten omenezko Artista larrugorri erakusketa antolatu zuten Artelekun bertan. Haien artean zeuden, besteak beste, Jose Ramon Amondarain, Juan Luis Goenaga, Iñaki Grazenea, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Manu Muniategiandikoetxea, Ramon Zuriarrain, Jose Luis Zumeta, Marta Cardenas eta Andres Nagel. Eta Bernardo Atxaga arduratu zen erakusketako testuaz: «Oso gauza polita izan zen, arrakasta handia. Karpeta ederra osatu zen artista guztien lanarekin, eta hor geratu da hori».

Arteleku izan zuen Herbertek lantoki, baina horrek ez zuen baldintzatu Donostiako zentroaren garapenaz zuen iritzia. Arteleku aldatu egin baitzen urteekin. «Lehen, arte plastikoetako zentro handia zen: eskultura, pintura, arte grafikoak... Arte plastikoetatik ezer geratzen da orain: litografia, serigrafia eta pintatzen duen jendea, oso gutxi. Lehen, aldiz, pintatzen zuen jende asko zegoen. Orain, ikerketa sozial ezkertiar edo sasiezkertiarretara bideratua dago Arteleku».

2011ko azaroan Donostian izan ziren uholdeek ondorio latzak eragin zituzten Artelekun, eta, esaterako, Herberten litografia tailerra erabat suntsitu zuen urak. Tresnak ez ezik, artistak han gordeak zituen 500 inguru litografia ere hondatu zituen. Haien balioa 25.000 eurotik gorakoa zela kalkulatu zuen Herbertek berak.

Gero, 2014an, Arteleku Donostiako Txomin Eneko egoitzatik Parte Zaharreko Santa Teresa komentura aldatu zutenean, Herberten eta arte zentroaren arteko harremana eten egin zen. Orduan, agintariek erabaki zuten litografia estudioa Debako Arte eta Ofizioen eskolara eramatea, eta horrekin «minduta» azaldu zen Herbert. «Ez didate ezertarako deitu. Debara eraman behar dute makina, baina makina desmuntatzeko eta berriro muntatzeko gai den pertsona bakarra ni naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.