Itzalari ihesi aritu zaiola esan daiteke. Bide Ertzean taldea desegin zen unean hasi zen Imanol Ubeda musikaria Don Inorrez proiektua martxan jartzen, eta orain arte landu izan duen ildotik aldentzea izan da bere erronka. “Estilistikoki eta estetikoki nahi genuen beste zerbait egin”. Hori zen saiakera. Mantentzen du melodiekiko zaletasuna, kanta zuzenekiko joera, eta hitzak zaintzeko borondatea, baina ohi baino zirikatzaileago eta ironikoagoak dira hautatu dituen hitzak eta zikinagoa da soinua, eta hamar pop abesti biltzen dituen diskoa izan da bilaketa horren emaitza: Mugiro bila. Jadanik jarri dute diskoa salgai Don Inorrez taldearen webgunean, eta zuzeneko bi emanaldi ere aurreratu dituzte, apirilaren 12an Bilboko Kafe Antzokian eta 14an Donostiako Dabadaban.
Kristoren gonbidapena abestiarekin bideoklipa egin dute, eta Hiru Damatxo ideia faktoriak sortu du bideoa.
[youtube]https://youtu.be/cBjpGWaJGiQ[/youtube]
2016an hartu zuen ibilbidea eteteko erabakia Bide Ertzean taldeak, eta Ubedak zehaztu duenez, une horretan bertan eman zuen lehen urratsa Don Inorrez proiektuak. “Jonik [Ubedak] esan zigun ezin zuela mantendu Bide Ertzean-en martxa”, zehaztu du abeslariak. Gogoz jarraitzen zuen berak, ordea. “Badugu rockanrolla egiteko gogoa”. Eta hala hasi zen Don Inorrezen diskoa sortzen.
Karlos Aranzegi bateria jotzailea “konplize” izan du Ubedak sorkuntza prozesu horretan guztian, eta elkarrekin joan dira kantak osatzen. Aranzegirekin batera, Paco Loco Espainiako ekoizlea ere gakoa izan da prozesuan. Cadizeko El Puerto De Santa Maria herrian duen estudioan harekin batera grabatu eta nahastu dituzte abestiak. Gainera, egun horietan, taldeko kide bilakatu da Loco, nolabait ere, harekin eta Jacob Reguilon baxu jotzailearekin batera aritu direlako kantak lantzen. “Lauron artean ondu ditugu abestiak”, azaldu du Ubedak. “Ez genuen egin aurretik inolako entsegurik, hasi ginen estudioan elkarrekin jotzen, oso modu atseginean, oso modu onean, eta konturatzerako diskoa grabatuta genuen”.
Melodia eta jarrera
Ubedak berak laburtu du emaitza: “Abesti oso melodikoak izan daitezkeenak daude, jarrera gogorxeago batekin, eta soinu zikin batekin. Eta halere iruditzen zait disko argitsua dela”. Ubedak berak sortutakoak dira letretako asko, baina Ione Gorostarzu, Xabi Borda, Angel Gonzalez eta Pello Lizarralde idazleen hitzak ere musikatu dituzte.
Bere txisteak abestia izan zen sortu zuten lehenengoa, eta Ubedak kontatu duenez, abesti horrek ezarri zuen tonua ondorengoentzako. Gorostarzuk idatzi zuen letra hura, eta hori izan zen abiapuntua. “Badu kutsu ironiko bat, eta behin abesti hori eginda, letrei dagokienez, pentsatu nuen giro hori sortzea, zirikatzailea, bihurria edo gaiztakeria ukitu bat dutenak”.
Laukotea, zuzenean
Zehaztu dutenez, laukote formatuan arituko dira zuzenekoetan, eta Fernando Neira baxu jotzailea eta Ruben Caballero gitarra jotzailea ere izango dira agertokian Aranzegi eta Ubedarekin batera.