Primitibotzat jotako hainbat gizartek euriarekin daukaten harremanari buruzkoa da Euria. Ekainean arduradunek nabarmendu nahi izan duten erakusketa bat izango da: 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikuntza, aurten beteko baita hiria erre zuteneko 200. urteurrena. Erakusketa hau antolatzeko beste hiruna museo eta udaletxerekin jardun dute beharrean, eta Bake ituna delako programazio zabalagoaren baitan kokatzen da.
Joan den urtean San Telmon 115.575 pertsona izan zirela jakinarazi du Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko kultura arduradunak, eta horietariko %31 donostiarrak. Pozik agertu da bisitari kopuruarekin, eta arrakastatsutzat jo du hainbeste donostiarrek bisitatzea. Erakusketez gain izan diren jardueretan 22.000 pertsona izan ziren 2012an, eta 227 ikastetxetatik eginiko bisitetan 5.700 ume inguru etorri zirela esan du.
Erakusketa iraunkorraz gain, beste hamalau egin ziren iaz; lau handiak, lau ertainak eta apalagoak besteak. Orain, museoak 27.711 pieza gordetzen ditu. Horietariko 74 zaharberritu egin zituzten joan den urtean, hala nola Urgull mendiko kanoiak eta karlistadetako jantziak. 180 pieza gehitu ziren bildumara 2012an, eta museoko liburutegiak 2.200 erabiltzaile izan zituen. Zifra horiek ontzat eman ditu Txapartegik, eta museoa bizirik dagoela erakusten dutela uste du. Eragileekin elkarlanean jarraitzeko eta eskaintza zabaltzeko asmoa dutela eman du aditzera.