Jon Garaño
Zinemagilea
'The Tree of Life'
Terence Malick zuzendariaren filmak asko gustatzen zaizkidalako; Cannesen irabazi zuelako; kritikaren txaloak jaso dituelako; filmaren trailerra inoiz ikusi dudan iradokitzaileenetakoa delako; Sean Pennek, filmean parte hartu arren,pelikulari zentzurik ez diola ikusten esan zuelako…
Maite Arroitajauregi
Musikaria
'Take this Waltz'
Gustatu zitzaidan Sarah Polley zuzendariak Isabel Coixeten Mi vida sin mí filmean aktore moduan egin zuen lana, eta horrek jakin-mina piztu dit. Haren aurreko lanak sari ugari eta kritika onak jaso zituen. Drama erromantikoa dela diote, eta horrek berez erakartzen nau, bizitza errealarekin duen antzekotasunarengatik. Michelle Williams aktoreak nola lan egiten duen asko gustatzen zait, gainera; haren fisikoa, adierazkortasuna, zein film hautatzen dituen...
Eider Rodriguez
Idazlea
'Los pasos dobles'
Gutxitan gertatzen zait Isaki Lacuestaren pelikulekin gertatzen zaidana: bai La leyenda del tiempo bai Los condenados ikusten, zuzendariaren beraren jakin-minarekin bat egiten nuela sentitzen nuen, berarekin batera ari nintzela filma eraikitzen eta pertsonaien kontraesan eta desioak biluzten. Oso gutxitan gertatzen da hori, tentsio hori sentitzea, zure aurrean zerbait berezia gertatzen ari dela sentitzea, eta zuretzat propio ari dela gertatzen.
Harkaitz Cano
Idazlea
'Suture'
American Way of Death sailaren barruan ezezagunak zaizkidan film horietako bat delako hautatu dut Suture.Gainera, zinema beltz iparramerikarrak badu halako fijazio bat Los Angeles eta New Yorkekin, eta bi dekoratu hauekiko ezberdina den beste bat eskaintzen du film honek: Phoenix, Arizona, Breaking Bad telesailean hain etekin ona ateratzen zaion paraje desolagarria... 60ko hamarkadako zinema japoniarraren eragina dela tarteko, eta Steven Soderberghen oniritzia izanik, film indie erakargarria begitantzen zait Scott McGehee eta David Siegelek milioi bat euro eskasekin lau eskutara zuzendutako hau.
Hannot Mintegia
Musikaria
'Neil Young Journeys'
Neil Youngen zuzeneko emanaldi batean oinarritutako film bat gomendatzea ez da larregi arriskatzea; garaile segurua. Horren adibide sendoak aurki ditzakegu: The Year of the Horse (Jim Jarmush) eta Heart of Gold (Jonathan Demme). Zergatik film hau ikusi? Neil Young gertu edukitzeak bizitzaz ikastea esan nahi du niretzat, horregatik ikusiko dut film hau, Neil Young maite-maite dudalako.
Iban del Campo
Zinemagilea
'Sur la planche'
Zuzendari guztiz ezezagun baten filma delako [Leila Kilani], Donostiako Zinemaldian ezustekoak gustuko ditudalako, Maroko, Frantzia eta Alemaniaren arteko koprodukzio bat delako, dokumentalak egin dituen zuzendari baten lehen fikziozko film luzea delako eta ganbak ontziratzen dituzten Marokoko produkzio kate batean girotuta dagoelako. Kus-kus zaporea hartzen diodalako.