Donostiako 60. Zinemaldia

2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
SAIL OFIZIALA

'Dans la maison'. Irakasle baten eta ikasle baten arteko amodio istorioaren bitartez, errealitatea eta fikzioa nahasten dituen joko bat planteatzen du François Ozon zuzendari frantsesak. Ikusleak ez daki zer asmo ilun dituen gazteak, eta noraino iritsiko diren haren azpijokoak.

'El muerto y ser feliz'. Soldatapeko hiltzaile zahar batek, hilzorian dagoela jabetuta, Argentinako lurretan zehar heriotzatik ihesi egiten duen bidaia kontatzen duen komedia beltza da. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen egileak, Javier Rebollok, La mujer sin piano-rekin, 2009an.

ZUZENDARI BERRIAK

'Rocker'. Victor 50 urte inguruko rockerra da Marian Crisan-en filmeko pertsonaia nagusia. Semearengatik edozer gauza egingo luke. Droga kontsumitzailea da semea, eta rock talde batean jotzen du, aitaren zaletasunari jarraituz. Semeari eta lagunei kontzertu bat prestatzen laguntzen die aitak.

'El limpiador'. Eusebio garbitzaile forentsea da; norbait hiltzen denean, lekua esterilizatzen lan egiten du. Etxe batean lanean ari dela, ezkutatuta dagoen ume bat ikusten du. Hura babesten saiatzen da jende guztia hiltzen ari dela dirudien ingurune hitsean. Adrian Saba da filmaren zuzendaria.

ZABALTEGI

'Klip'. Jasna da pertsonaia nagusia Maja Milosen film honetan. Serbiako gerraostean bizitza gogorra egokitu zaion 15 urteko neska gaztea da Jasna. Gelakide batekin maiteminduta, sexua, droga eta festa nagusitzen den giro batean murgiltzen da. Ondorioak dakartza horrek.

'Shokuzai / Penance '. Telebistarako minitelesail bat da, Kyoshi Kurosawak zuzendutakoa; osorik proiektatuko da. Eskolan lau ikaskideren aurrean bahitu duten neska gazte baten istorioa du ardatz; bahitzaileek hil egingo dute.

ZINEMIRA

'Pura vida '. Iñaki Otxoa de Olza mendizalea Annapurna mendiaren hego-hegalean gaixotu zenean, 7.400 metroko alturan zegoela, hamar herrialdetako mendizaleek hura handik onik ateratzeko egin zuten ahalagina kontatzen du Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren film dokumentalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.