Musika

Donostiako Jazzaldia saria jaso du Benny Golsonek

Saxofoi jotzaile estatubatuarrak kontzertu arrakastatsua eman zuen atzo Kursaaleko auditoriumean

Benny Golson, saria jasotzen. JUAN HERRERO, EFE
mikel lizarralde
2015eko uztailaren 25a
14:00
Entzun

"Hau zoragarria da. Sari bat jasotzea Europan!! Ezin dut sinetsi ere egin". Benny Golson (Filadelfia, AEB, 1929) saxofoi jotzaileak harrituta, hunkituta eta umore handiarekin jaso du gaur goizean Donostiako Jazzaldia saria, Eneko Goia alkatearen eskutik, Viktoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian. "Inoiz ez nuen pentsatuko hainbeste kamera izango nituela inguruan niri argazkiak egin eta egin, klik-klik-klik!".

Golson, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak adierazi duen bezala, "belaunaldi galaktiko" baten parte izan zen, John Coltrane, Sonny Rollins eta beste saxo jotzaile batzuekin. "Titan bat titanen garaian". Clifford Brown, Philly Joe Jones, Lionel Hampton, Johnny Hodges, Dizzy Gillespie, Paul Chambers, Max Roach eta jazzaren beste izen handiekin lan egin zuen, eta, gainera, Art Blakey bateria jotzailearen inguruan eratutako Jazz Messengers taldeko pieza garrantzitsua izan zen. Golsonek gogoratu du nola bere konposizioetako bat (Blues March) Jazz Messengersen errepertorioan sartu ahal izan zuen, kostata bada ere. "Martxa bat nuen idatzita, baina Artek [Blakey] ez zuen ikusten. 'Martxa bat? Hori gauza militar bat da', esaten zidan. Baina nik esaten ez nion: 'Ez, ez, gauza zikin eta funk bat'. Garai hartan martxak bakarrik New Orleansen jotzen ziren, hilerrirako bidean". New Yorkeko Harlem auzoko lokal txiki batean jotzen zuten garai hartan Blakeyk, Golsonek eta Jazz Messengerseko kideek, ikus-entzuleek dantza egiteko tokirik ez zuten areto batean. "Eta nik esaten nion Arti: 'Jo dezagun Blues March'. Baina hark ez zuen ikusten, azkenean rhythm & blues erritmo batekin hasi, nik segi, eta, konturatzerako, ikusle guztiak erritmoa mahaiak kolpekatzen segitzen bukatu zuten arte". Orduz geroztik, Blues March Jazz Messengersen hainbat taldetako ezinbesteko pìeza bihurtu zen.

[youtube]https://youtu.be/pWMTh12hin4[/youtube]

Ez da Blues March Golsonek konposatu duen pieza ezagun bakarra. Izan ere, haren zenbait konposizio (Stablemates, I Remember Clifford, Whisper Not) jazzaren klasiko bilakatu dira, eta jazz talde ugarik jotzen dituzte gaur egun ere.

86 urte ditu Golsonek, eta jazzaren etorkizuna baikor ikusten du. "Esku onetan dago". "Inork ez du etorkizunaren aurpegia ikusten, baina aurpegi sortzailea izango da zalantzarik gabe". Saxofoi jotzailearen iritziz, iraganean baino prestatuagoak datoz, gainera, musikari berriak: "Lehen, eskolan, irakasleak irakasten zuen, eta ikasleek, ikasi. Hala egin genuen guk. Gaur egun, irakasleek ikasleen aldetik ere ikasten dute". Gaur egungo jazzaren barruan gauza batzuk ez zaizkiola gustatzen esan du umiltasunez, baina ez dagokiola berari esatea zer egin behar duten. "Jo egin behar dute, eta beren sormenari bidea eman. Ni ez naiz inor esateko zer jo behar duten". Eta hasi bezala, umorez, amaitu du: "Ni, behintzat, hip-hop musikaria ez naiz izango!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.