Kartel irabazleak, Ciudad pianista (Hiri pianista) izenburukoak, 1.200 euroko saria jaso du, eta, gainera, Asier Nazabali eta Carolina Ruizi beren lana milaka pertsonak ikustea ahalbidetuko die. Carolina Ruiz Cerdanyolakoa (Bartzelona) da jaiotzez, baina Hondarribian bizi da egun. Asier Nazabal Donostian jaioa da, eta bertan bizi da. Donostiako Usandizaga Institutuan ezagutu zuten elkar, Diseinu Graduko ikasle zirela. Iaz amaitu zituzten ikasketak. Ciudad pianista elkarrekin diseinatu duten lehen kartela da, eta bientzat ere, lehiaketa batera aurkezten diren lehen aldia. Egileek adierazi dutenez, Donostia identifikatzeko elementuen bila aritu ziren, baina topikoenak alboan utziz. Eta horiei, kartelaren beheko aldean ageri diren teklak gehitu zizkieten, musika iradokitzeko asmoz.
Kartel irabazlea aukeratu duen epaimahaian hainbat esparrutako pertsona ezagunek parte hartu dute:
Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria da 2010az geroztik. Zinemako, antzerkiko eta telebistako aktorea, idazlea, gidoilaria eta zinema-zuzendaria da. 2009ean zuzendu zuen bere azken filma, Sukalde kontuak, Etxepare Institutuan sartu aurretik. 2000 urtean Donostia Hiria saria irabazi zuen Zu(t) gabe antzezlanarekin.
Edurne Ormazabal irrati eta telebistako kazetaria da, Donostiako Zinemaldiko galen gidoilaria eta aurkezlea, eta EiTB taldeko zuzendari komertziala. Aurretik, hainbat saio aurkeztu zituen euskal telebistan, Euskadi Gaztea irrati-katea koordinatu zuen eta kolaborazioak egin ditu Canal +ekin zinemari buruzko programetan.
Borja Hermosok Diario 16 egunkariko kultura eta Madril ataletan lan egin zuen 1986 eta 1989 bitartean, urte hartan El Mundo egunkariaren fundazio-taldeko kide bihurtu baitzen eta egunkari horretako korrespontsal izan zen Parisen, 1994ra arte. Gero, kultura ataleko buru izan zen 2007ko urrira arte. Ondoren, El Pais egunkariko kultura atalera pasatu zen eta orduz geroztik erredakzio-burua da.
Daniel Fernandez-Cañadasek kazetaritza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Zenbait kultur proiektutan parte hartu zuen Julio Medemen Alicia Produce ekoiztetxean, horien artean 1% Esquizofrenia dokumentalean. Hainbat argitalpenetarako lan egin du, Vanity Fair aldizkaria tartean dela, eta 2011ren erdialdetik hona, Tenmag hileroko kultura eta moda aldizkariko erredakzio-burua da.
Horiekin batera, Heineken Jazzaldiaren bi ordezkari egon dira epaimahaian (Miguel Martin, Heineken Jazzaldiaren zuzendaria, eta Jaione Askasibar, Donostia Kulturako komunikazio-zuzendaria), bai-eta Heinekeneko beste bi ere (Gabriela Cuella eta Lourdes Diaz de la Hera).
Guztira 1.183 kartel aurkeztu dira lehiaketara http://www.heinekenjazzaldia.com webgunearen bidez, eta, publikoak emandako botoei esker, horietako 10 finalera pasatu ziren. 89.980 bozka jaso zituzten.
Beste hamar kartel Heinekenek eta Jazzaldiak aukeratu zituzten. Hala, epaimahaiak kartel irabazlea 20 lanen artean hautatu du.