Uztailaren 20tik 25era bitartean iraungo du aurtengo Donostiako Jazzaldiak. Egitarauaren zati handi bat ezaguna zen dagoeneko, baina gaur jakinarazi dute egitarau osoa, eta jakinarazi dute sarrerak salgai direla dagoeneko. http://heinekenjazzaldia.com/ webgunean topa liteke egitaraua guztia eta sarrerak nola eros daitezkeen. Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis, Brad Mehldau, John Scofield, Jan Garbarek eta Mark Ribot iragarriak zeuden lehendik ere. Haiei batu zaizkie, besteren artean, Cyrus Chesnut, Snarky Puppy, Charles Bradley, Terje Rypdal, Jerry Bergonzi, Ellis Marsalis, Jack DeJohnette, Jose James, Ateps Ahead eta Bobo Stenson.
Berez uztailaren 20an hasiko da Jazzaldia, asteazkenarekin, baina emanaldi bakarra izango da egun horretan: Europako jazzeko talentu gazteak aurkitzea eta bultzatzea helburu duen 12 Points jaialdiak Donostian ospatuko du bere hamargarren edizioa, eta lehen egun horretan estreinatuko da, Viktoria Eugenia antzokian (20:00etan). Uztailaren 23ra bitartean lau saio izango dira, guztiak antzoki berean.
Uztailaren 21ekoa egun indartsua izango da, nahiz eta ez den Trinitate Plazako —jazz zale puruenaren jarraitzaileentzako agertokia— saiorik izango. Heineken Terrazan gitarristen emanaldi bikoitza izango da. Marc Ribot estatubatuarra ariko da The Young Philadelphiansekin batera (22:30ean), eta haren aurretik Merje Rypdal jazz eta klasikoko gitarra jotzaile norvegiarra (19:30). Frigo aretoan Cyrus Chestnut (pianoa), Buster Wiliiams (baxua) eta Lenny Whitek (bateria) osaturiko hirukoa ariko da.
[YouTube]https://youtu.be/HTb9r33XwtE[/YouTube]
Eta Zurriola hondartzako Agertoki Berdean —dohainik izaten dira emanaldiak— aurtengo izen sonatuena ariko da lehen egun horretan: Gloria Gaynor. Azken urteetan pop eta rock arloko izen entzutetsuak igaro dira agertoki horretatik, nazioartekoak nahiz bertokoak: Jamie Cullum, Ray Davies (The Kinks), Echo and the Bunnymen, Delorean, Elvis Costello, Belle and Sebastian, Belako... Aurtengoan aldiz, ez dago profil horretako artistarik, eta izen sonatukoak ere musika beltzarekin lotuago daudenak dira, Gaynor kasu.
Uztailaren 22an Marsalistarrek hartuko dute Trinitate Plaza. Ellis Marsalis Quartet ariko da lehenik, hots, familiako aita eta pianista jotzaileak gidaturiko laukotea, eta haren ondotik, Branford Marsalis semeak (saxo jotzailea) gidaturiko laukotea ariko da Kurt Elling kantariaren kolaborazioarekin.
[YouTube]https://youtu.be/rXuSJrIpQsQ[/YouTube]
Zurriolako kontzertuetan Ryley Walker gitarra jotzaile, kantugile eta kantari estatubatuarra (Illinois) eta Snarky Puppy New Yorkeko talde instrumentala ariko dira, eta Kursaaleko Auditoriumean Brad Mehldau (pianoa), John Scofield (gitarra) eta Mark Guiliana (bateria) hirukoa ariko da.
Uztailaren 23an, larunbatarekin, Jack DeJohnette Trio izango da Trinitateko plazan. Chicagoko bateria eta piano jotzailea da DeJohnette. Haren ondotik, Steve Coleman & Five Lements ariko da. Agertoki berdean, aldiz, Rural Zombies Zestoako taldea (musika dantzagarria eta rocka uztartuz) eta Nick Waterhouse Kaliforniako gitarrista eta kantugilea ariko dira.
[YouTube]https://youtu.be/5THw4SZCXEE[/YouTube]
Uztailaren 24an Jose James Minneapoliseko jazz eta hip-hop musikaria eta Steps Ahead AEBetako jazz-fusio taldea ariko dira (Trinitate Plazan), eta Zurriolakoan Charles Bradley & His Extraordinaries soul-funk taldea izango da izen nagusia.
[YouTube]https://youtu.be/RmSzDYeIo_0[/YouTube]
Jazzaldia uztailaren 25ean amaituko da Diana Krallek Trinitatean emango duen kontzertuarekin eta Christian Scott aTunde Adjuah tronpeta jotzaile eta konpositoreak Kursaalean emango duen kontzertu bereziarekin.
Abonoak:
Trinitate Plazako kontzertuak: 100 euro.
Kursaaleko Auditoriumeko kontzertuak: 80 euro.
Viktoria Eugenia antzokiko kontzertuak: 55 euro.