Donostiako Mandasko dukearen bizitzaz filma egingo du Amenabarrek

Barbara Goenaga izango da aktore nagusietako bat, eta 2012an hasiko dituzte filmatze lanak

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hogeita bost urterekin diputatua eta senataria izan zen Fermin Lasala y Collado (Donostia, 1832-Madril, 1917), eta Espainiako Sustapen ministroa eta enbaxadorea ondoren, Parisen eta Londresen. Itzal handiko politikaria eta negozio gizona. Eta Cristina Brunetti italiarrarekin ezkontzean, duke egin zuten: Mandasko duke. Biografia zirraragarria duela diote historialariek, eta Alejandro Amenabarri ez zaio oharkabean igaro. Film bat egingo du haren bizitzan oinarrituta, atzo Donostian jakinarazi zuenez.

Kristina Ene parkean izan zen zinemagile espainiarra. Oinordekorik ez zuenez, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren zaintzapean laga zituen bere ondasun guztiak Mandasko dukeak, haren emaztearen omenez modu horretan izendaturiko etxean. Eta han dago, besteak beste, senar-emazteen 18.000 piezako biblioteka eta agiritegi joria.

Amenabarrentzat ezinbesteko laguntza izango dira agiri eta liburu horiek guztiak, Duques filmaren gidoia ontzeko eta kokapen historiko-biografiko zehatza egiteko. Bestalde, bere amona Lasarte-Oriakoa zela eta Fermin Lasalaren lehengusua zela azaldu zuen Amenabarrek atzo. «Film hau egitea Gipuzkoan ditudan sustraietara denboran atzerako bidaia egitea izango da».

2012an hasiko ditu filmatze lanak, aktore nagusien artean Barbara Goenaga duelarik, Cristina Brunettiren rola jokatzen. Aktore ez profesionalekin ere lan egin nahi du zuzendariak, «istorioari sinesgarritasun handiagoa emateko». Aurki egingo ditu hautaketa probak, Kristina Enean. 2009an Agora-rekin zinema historikoan murgildu ondoren, biopic-a landuko du berriz, Mar adentro-n egin zuenez.

Mandasko dukeari buruzko tesi baten egile Carlos Rilova historialariaren esanetan, «eragin handiko agintaria izan zen, eta haren jarduna ezagutzea ezinbestekoa da Espainiako historiaren hainbat ertz ulertzeko». Ministro ahalguztiduna izan zen Londresen, eta Viktoria erreginarekin partekatu zuen mahaia Windsorko jauregian. «Topaketa horiek ez ziren izan dibertimenduzko bilkura hutsak. Mandasko dukeari esker zabaldu zuten Espainiako inperioa Marokora eta Afrikako zenbait herritara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.