Donostia 2016

Donostiako udal talde guztiek adostutako adierazpena babestu du Eusko Legebiltzarrak

EAJ eta EH Bilduren botoekin egin du aurrera ekinbideak; PP abstenitu egin da, eta PSEk eta UPDk aurka bozkatu dute.

2014ko maiatzaren 8a
08:14
Entzun

Donostiako Udaleko alderdi guztiak ados jarri ziren Donostia 2016ren proiektua babesteko apirilaren amaieran, eta orduan adostutakoa eztabaidagai izan dute Eusko Legebiltzarrean. PPk eta PSEk hiriburutzaren eztabaida eraman dute bertara, lehengo astean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrerekin bildu ostean.

PPk eta PSEk testu bat adostu dute —UPDk bat egin du—; Eusko Jaurlaritzari zuzendaritza teknikoaren "profesionaltasuna" bermatzeko eskatu diote, eta Uriarteren agerraldia eskatu dute, proiektuaren "arrakasta" bermatzeko dituen proposamenen berri emateko.

Azkenean, otsailean EAJk eta EH Bilduk adostutako ekinbideak egin du aurrera: proiektuaren talde teknikoak  "esku hartze politikorik gabe" lan egitea bermatzeko eskatu zuten testu horretan. Gainontzeko taldeek ez dute bat egin testuarekin, Jaurlaritzak proiektuaren "kontrol handiagoa" izatea nahi baitute.

PPko bozeramaile Borja Semperrek esan du ezker abertzaleak "hasieratik" ez duela proiektuan sinesten, eta Donostiako Udalera iritsi zirenez geroztikako gertaerek baieztatu egiten dutela. "Profesionaltasun falta" izatea egotzi die, eta proiektua kontrolpean izateko garrantzia azpimarratu du.

PSEko Susana Corcuerak, Uriarte sailburuaren agerraldia eskatzeaz gain, komunikazio falta kritikatu du: "Udal taldeok hedabideen bidez ezagutzen ditugu fundazioan hartzen diren erabakiak".

Garbiñe Mendizabal EAJren legebiltzarkideak adierazi du proiektuaren arrakasta fundazioaren parte diren alde guztien ardura dela, eta sozialistei esan die hartzen diren erabaki guztiak "gardentasun eta entzute erabatekoarekin" hartzen direla. Proiektuan eskurik ez hartzea ere defendatu du: "Utz dezagun akordioa modu naturalean gauza dadin, esku hartzerik gabe; guztion artean adostutako prozesua zaildu besterik ez luke egingo".

EH Bilduko Estitxu Breñasek baieztatu du talde teknikoak lanean diharduela, ez dela "desagertu", eta zuzendaritza berria Bruselak ezarritako irizpideen arabera izendatuko dela. Horrez gain, proiektua EH Bilduren aurka erabili dela, tresna politiko gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.