Donostiako 73. Musika Hamabostaldia

Donostiako urretxindorrak

Donostiako Musika Hamabostaldian bada heziketarako tartea. Ana Luisa Chova eta Ruben Fernandez irakasleekin astebeteko ikastaroa egingo dute 11 bakarlarik, eta kontzertua emango dute larunbatean.

Ana Luisa Chova irakaslea eta Elena Barbe sopranoa, entseatzen, Donostiako Orfeoiko egoitzan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Soinean eramaten den instrumentua da ahotsa, eta kirolari profesionalen antzera, etengabe zaindu eta zorroztu beharra dago bakarlari izatera iristeko. Donostiako Musika Hamabostaldiak bigarren aldiz antolatu du ahots teknikari buruzko ikastaroa, Ana Luisa Chova irakaslearekin eta Ruben Fernandez pianistarekin, eta hainbat bakarlari gazte bildu dira ahotsak zorrozteko. Aurtengo ikastaroan Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Kubako 11 ikaslek parte hartuko dute. Astebetean, goiz eta arratsaldez etengabe prestatuko dituzte ahotsak, eta, ondoren, kontzertua eskainiko duteGetariako Balentziaga museoan.

Bakarlari gazteak dira ikastaroko kideak. Denek dituzte musika ikasketak, eta oraindik ibilbide luzea dute aurretik. Dena den, dagoeneko askok eskaini dituzte kontzertuak eta errezitaldiak, eta lehiaketetan parte hartu dute. Donostiako Orfeoiko alde zaharreko egoitzan igaroko dute bakarlariek aste guztia. Goizeko hamarretan hasi eta arratsaldera arte, ikasleek banan-banan ordu erdiko saioa egiten dute Chova irakaslearekin, ahotsa berotzeko eta teknika lantzeko. Ondoren, Fernandez piano jotzailearekin lirika prestatzen dute.

Elena Barbe soprano donostiarrak bigarren aldiz parte hartu du ikastaroan, eta irakasleen maila ona eskertu du. «Urte guztia egon naiz biekin lanean, baina astebete Donostiara etorri izana soilik gurekin egoteko ohorea da». Astebetean asko ikasiko dutela adierazi du Barbek: «Denbora gutxi dela dirudi, baina, izugarri nabari da egiten dugun lana, abeslari bakoitzarekin banan-banan lan egiten baitute irakasleek».

Barberen esanetan, abeslariek etengabe behar dituzte halako ikastaroak; «Ezinbestekoak dira. Ezin diogu inoiz ikasteari utzi, beti gaude hobetzen, zorrozten». Horretarako arrazoi nagusia lehia profesionala da Barberen ustez: «Lehia handia dago bakarlarien artean. Abeslari onenak ez dira beti arrakastatsuenak, tartean daudelako harremanak, zortea... Ikastaroan, ez dituzte onenak aukeratzen, ahots interesgarrienak dituztenak baizik».

Lanbide gogorra izan arren,bakarlariak asko direla nabarmendu du Barbek: «Euskal Herrian eta, batez ere, Donostian bakarlari asko daude,eta lehen mailakoak, gainera. Harrigarria da, izan ere, ez dago bakarlarientzako hezkuntzarik. Musikene daukagu, baina ez dago guretzako heziketa gunerik, ez eta lan egiteko aukera handirik ere. Hiri honekabesbatza mugimendu indartsua dauka, eta gehienok hala eman genituen lehen pausoak. Baina abesbatzatik bakarlari izatera iritsi ahal izateko lan izugarria egin behar da, eta garapenerako aukera gutxi daukagu. Hamabostaldiak eskaintzen digu geure burua ezagutzera emateko aukera».

Bakarlarien ibilbidea ez da xamurra, eta krisiak bide hori zaildu du. «Diru asko behar da bakarlari izateko. Askotan, kontzertu bat eskaintzeak diru galerak eragiten dizkigu. Zorionez, Euskal Herriko erakunde publikoek hainbat beka eskaintzen dituzte. Nik horietako bat lortu berri dut Erroman ikasteko. Herrialde Katalanetan, aldiz, ez dute halakorik, eta bestelako diru iturriak bilatu behar dituzte». Dirua ez da abeslarien arazo bakarra. Barberen arabera, bikaintasuna lortzen saiatu behar dute etengabe: «Oso zaila da bakarlariaren bizitza. Ez dago segurtasunik, ez dugulako jarraian lan egiten. Horri gehitu behar zaio gorputza gure instrumentua dela, eta etorkizuna ziurtatu gabe edukitzeak psikologikoki asko zigortzen gaitu. Abeslariok beti eman behar dugu gutxienez % 90, ezin ditugu egun txarrak eduki».

Urrutitik etorritako abeslariak

Euskal Herrikoak dira abeslari gehienak. Leire Gomez Ondarroako soprano gaztearen lehen ikastaroa da: «

Oso zaila da bakarlarien munduan leku bat egitea; halako ikastaroek bultzada bat eskaintzen digute geure burua ezagutarazteko».

Urrutitik etorritako hainbat bakarlari irakasleei jarraika etorri dira. Abenauara Graffigna Kanaria Uharteetako (Espainia) sopranoa da, eta iaz ere ikastaroan parte hartutakoa: «Ana Luisa Chova ezagutzen nuen aurretik, eta irakasle bikaina da. Mailarik oneneko abeslariak prestatu dituen irakaslea da, baina oso umila da irakasten. Errezeten aurkakoa da, abeslari bakoitzari behar duena eskaintzen dio. Ruben Fernandez ere irakasle aparta da, nabari zaio irakastea gustuko duela». Mari Berna del Pino, Malagako (Espainia) sopranoa aurten etorri da lehen aldiz Donostiara, eta Hamabostaldiaren musika eskaintzarekin harrituta dago: «Ez dut halako musika jaialdirik ezagutu aurretik. Kalitate maila izugarria da, eta asko ikasten ari gara. Ikastaroko beste kideekin ezin hobeto moldatu naiz, eta hori ez da ohikoa, izan ere, askotan lehia handiak sortzen dira bakarlarien artean». Aurora Parra sopranoa kubatarra da, baina urte asko darama Donostian lanean: «Bakarlariaren bizitza oso bakartia da. Hemen jende berria ezagutzeko aukera eskaini digute».

Ikastaroan soilik bi mutilek parte hartzen dute. Horietako bat Elias Benito Bartzelonako baritonoa da, eta handik etorri da ikastaroan parte hartzeko. «Kalitate maila bikaina da, eta, gainera, ikasle bakoitzari denbora jakin bat eskaintzen digute irakasleek. Aurrera egiteko, teknika, hizkuntza eta jarrera perfekziora eramateko bidea erakusten digute». Gizonezkoentzat ere ikasteko aukera paregabea dela nabarmendu du baritonoak: «Ikastaroan, bakarrik bi mutil gaude, baina asko dira abeslari profesionalak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.