Donostiako Zinemaldiaren aurtengo aldiak atzera begirako ziklo bat eskainiko dio Georges Franju (1912-1987) zinemagile bretainiarrari. Haren bederatzi film luze eta 16 film labur emango dituzte, heldu den irailaren 21a eta 29aren artean, Zinemaldiaren 60. aldian.
Zinemagile bretainiarrak garrantzia handia izan zuen Frantziaren kultura zinematografikoa sustatzerakoan. Hala, Henri Langlois zaharberritzailearekin batera, Frantziako Zinemateka sortu zuen 1936an. Urte batzuk geroago, 1949an, hasi zen zuzendari; dokumentalgintzan, hain zuzen ere. Historiara igaro diren zenbait lan egin zituen: Le sang des bêtes (1949), En passant par la Lorraine (1950) eta Hôtel des Invalides (1952), esaterako. Horiekin argi utzi zuen zer nolako talentua zuen ezusteko angeluetatik errealitatea filmatzeko. Dohain horiei esker, surrealismotik eta espresionismotik hurbil dagoen sentsibilitatea nabari daiteke testigantza film hauetan.
Kameraren bidez objektuen bidez konta ezin zitekeen poesia bilatzeko obesioa zuen. Eta asmo horri eutsi zion fikziozko film luzeak egiten hasi zenean ere; La tête contre les murs-en, edota Lesyeux sans Visage-n, alegia. Bigarren film hori fantasiazko zinemagintzako maisulantzat hartzen dute aditu askok. Herri kulturak, foiletoiek eta zinema mutuak, gainera, liluratu egiten zuten zinemagile bretainiarra. Argi asko ikus daiteke hori Pleins feur sur l'Assasin-en, Judex-en edo Nuits rouges-en. Guztiak ere garai bateko intrigazko eta misteriozko kontakizunen bakuntasuna berreskuratu nahi duten estilo-ariketa erabatekoak dira. Beraz, zinema, plazer narratiboa ez ezik, begietako plazer gisa ere aldarrikatzen dute film horiek.
Literaturako obra klasikoak egokitzeko zuen gaitasunagatik ere nabarmendu zen. Bere ukitu pertsonala ematen zien. Horien artean daude François Mauriac-en Thérèse Desqueyroux, Emile Zola-ren La Faute de l'abbé Mouret eta Jean Cocteau-ren Thomas l'imposteur, adibidez. Franjuren lanak ospe handia izan zuen kritikoen artean, eta Nouvelle Vague mugimenduko zinemagile gazteek miretsi egiten zuten. Espainiako Zinematekarekin batera ekoitzi du atzera begirakoa Zinemaldiak, eta Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatutako liburu bat izango du lagun.
Donostiako Zinemaldiak atzera begirako zikloa egingo dio Georges Franjuri
Zinemagile bretainiarraren bederatzi film luze eta 16 film labur emango dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu