Epaimahaia 13 herrialdetako hainbat musika kritikarik osatuko dute, musika klasikoaren alorrean erreferentziazkoak diren hamazazpi komunikabide ordezkatuko dituztenak: Andante (Turkia), Classic Radio eta Rondo Classic (Finlandia), Crescendo (Belgika), Fono Forum (Alemania), Gramofon (Hungaria), IMZ (Austria), Kultura (Errusia), MDR-Figaro (Alemania), Musica (Italia), Musik & Theater (Suitza), Orpheus Radio (Errusia), Opera (Erresuma Batua), Pizzicato eta Radio 100,7 (Luxemburgo), ResMusica (Frantzia) eta Scherzo (Espainia).
Urtero hamabost sari banatzen dituzte CD eta DVD formatuetan argitara emandako ekoizpen onenen artean eta mundu osoko artisten ibilbideak ere saritzen dituzte; horrenbestez, musika-ibilbide osoari saria emateaz gain, urteko errebelazio-artista edo urteko disko-etxea ere saritzen dituzte.
Lehen sari-banaketa ekitaldia Tamperen (Finlandia) izan zen, 2011n, Tampereko Orkestra Filarmonikoak antolatuta. Hurrengoa Nantesen (Bretainia) izan zen, Orchestre National des Pays de la Loire orkestrak antolatuta. 2013 urtean, berriz, Milanen (Italia) izan zen ekitaldia, Orchestre Sinfonica di Milano Giuseppe Verdik sustatuta. 2014an Varsovian (Polonia) izan berri da, Ludwig van Beethoven Aste Santuko Jaialdiaren baitan eta, 2015ean, Ankaran (Turkia) izango da, Bilkent Symphony Orchestraren Auditoriumean.