Xarma berezi batek zipriztintzen du Gernikako Euskal Museoa. Azken solairura heldu aurretik, eskailerak gora, ipuinetako printzesek ongietorria ematen diote bertaratzen denari. Oroitzapenak berreskuratzean, desitxuratuak ikusten ditugu, txikitatik jasotako irudikeria kritikatuko balute bezala. Dora Salazarren asmoan egon da kritika hori: «Pieza guztiek dute funts kritikoa; nahiz eta estetikak hainbat gauza diluitzen dituen, ironia hortxe dago», azaldu du artistak. Herenegun inauguratu zuten Estudiotik kalera, haren azken erakusketa, Gernikako Euskal Herria museoan. Aspaldiko eta oraintsuko zenbait marrazki, eskultura eta kaleko eskulturen maketak bildu dituzte, artean Mujer árbol eskultura berriaren marrazkia eta maketa eta Princesas saileko hainbat lan. Julia Juanizen El vuelo de Dora Salazar film dokumentalak osatzen du erakusketa. Apirilaren 8ra arte izango da ikusgai.
«Estudiotik kalera — Pribatutik publikora eta alderantziz; hiria berriro esparru itxi bezala ulertzeko saio bat da», idatzi du Salazarrek erakusketako katalogoan, «hirian bizi eta dabiltzan pertsonekin harreman intimo bat ezartzeko ahalegina». Erakusketaren lekuak harreman pertsonala indartzen laguntzen du oso, argi lausoak eta museoko egurrezko habeek eta teilatupeak, eskulturak eta marrazkiak «berean» izango balira sentiarazten dute. Erakusketak artistaren sortzeko urratsak agertzen ditu nolabait; eskultura bat egiteko beharrezkoa den prozesua ulertzeko gakoak ematen ditu. Salazarrek azaldu duenez, bere sortze prozesua «aldakorra» da, nahiz eta kaleko proiektua izateak prozesua baldintzatzen duen: «Lekuak eta bestelako baldintzek eragina dute. Gainera, batzuetan gaia ere ematen dizute. Baina, oro har, ideia batetik egiten dut aurrera, nahiz eta oso zehatza ez izan. Bidean asko marrazten dut. Denbora tarte bat hartzen dut pentsatzeko. Ez da lan egiteko era oldarkorra; beti duzu norabide markatu bat».
Metalezko sareekin egindako eskulturak eta gizaki moldez sortutakoak dira Salazarren lan gehienak. Erakusketan, Helduentzako ipuinak Harkaitz Cano eta Joxerra Senperenarekin batera burututako proiek-tuko hainbat eskultura eta marrazki daude ikusgai, Princesas sailekoak gehienak. Horie-kin batera, Euskal Herriko hainbat hiritako kaleetarako sortutako hainbat eskulturaren marrazki eta maketak ere badaude, hala nola Zarauzko (Gipuzkoa) itsas pasealekurako sortutako lanen marrazkiak. Horrez gain, azken urtean gorpuzten ari den Mujer árbol lan berriaren maketa eta marrazkia ere ikusgai daude.
Artea kalean
Kalean erakusteko lana «erronka berezia» izan da Salazarrentzat. Izan ere, haren ustetan, «kalean dabilen pertsonak bere egin behar du pieza hori, leku horrek esanahi berezia hartu behar du». Alde horretatik, artistak berak azaldu duenez, asko gustatzen zaio horretan lan egitea, baina badaki erantzukizuna ere handiagoa dela. Erakusketan kalerako bere lehen proiektutik honakoetara eboluzioa ikus daitekeela ere azpimarratu du.
Esanahiek garrantzi handia dute Salazarren lanetan, «nahiz eta gehienetan gerora datozen». Formari ere garrantzi handia ematen dio. Izan ere, forma eta esanahiak batera datoz, haren ustez. Urteak igaro ahala bere lanetan esanahiak estetikarekin gero eta barreiatuagoak daudela aitortu du: «Printzesen sail hau, adibidez, txikitan erregalatzen zizkiguten panpinez ari da. Panpinek, inozoak badirudite ere, eragin egiten digute. Nire lobaren panpinekin ikusten dut hori, horrek dakarren guztia. Baina nagusia zarenean zer, zer dakar?». Salazarrek ez dio galderari erantzun nahi izan. «Nik galderak botatzen ditut, baina ez naiz sartuko balore juzkuetan. bakoitzak bere interpretazioa egin beharko du».
Emakumearen gorputza da erakusketan gairik errepikatuena, baita Salazarren obran ere: «Emakumeok gutaz hitz egiten ez badugu, nork hitz egingo du?», galdetu du. Artistaren ustez, museoetako artelanetan emakumeon gorputzak presentzia handia badu ere, gehienak gizonezkoek sortutako artelanak dira; eta beharrezkotzat jotzen du «emakumeok emakumeaz» hitz egitea: «Gorputza erabiltzea, zentzu erotikoan bada ere, ondo dago, nire ustez. Niri asko gustatzen zait; hauslea da erabat».
Artearena ez omen da «mundu erraza», are eta zailagoa emakume izanez gero. Ikasle garaietako emakume asko gogoratzen baditu ere orain «askoz gutxiago» daudela argitu du. Alde horretatik, oso baikorra da Artearen Historia ikuspegi feministatik berrikusteko egiten ari diren ahaleginekin: «Arteetako emakumeok biltzen gaituen plataforma antzeko bat sortzeko saioa egiten ari gara, nahiz eta ez garen guztiz ados jartzen, baina oso ondo dago, geure buruak eta lanak begien bistan agertzeko eta geure artean ere eztabaidatzeko eta ditugun kezkei erantzuna bilatzeko».
Sufragistak ekarri ditu gogora. Arte mundutik at ere, emakumeak gutxituak daude. «Gaur egun, bozkatzeko aukera baldin badugu ere, ez dugu beste askorik. Emakumea naizen aldetik, gauza asko geratzen zaizkit borrokatzeko». Arte mundura bueltan, Salazarrek museoetara arteaz gozatzera joaten diren emakume kopuruaren eta «museoak betetzen» dituzten gizonezkoen erakusketa kopuruen arteko «desoreka» azpimarratu du.
Dora Salazarren lan prozesua ikusgai Euskal Herria museoan
'Estudiotik kalera' erakusketak lau eskultura, maketa bi eta marrazki batzuk biltzen ditu, aspaldikoak zein berriak'Mujer árbol' proiektu berriko marrazkia eta maketa aurkeztu ditu eskultoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu