Doris Lessing, jaiotzez Doris May Tayler, 1919ko urriaren 22an jaio zen, Kermanxahn (Iranen mendeko Kurdistanen; Persia zen idazlea jaio zenean). 1925ean familia Hego Rhodesia britainiar koloniara (egungo Zimbabwe) joan zen bizitzera. 1940 inguruan han ezkondu zen, eta bi ume eduki zituen. 1949an, Londresera itzuli eta idazteari ekin zion. Handik urtebetera, Belarra kantari eleberria argitaratu zuen (The Grass is Singing).
Batez ere, eleberri harengatik eta The Golden Notebook-engatik ezaguna da.
Bereak dira ere, besteak beste, The Four-Gated City (1969), Briefing for a Descent into Hell (1971), Memoirs of a Survivor (1974), Shikasta (1979), The Marriages Between Zones Three, Four and Five (1980), The Sirian Experiments (1980), The Making of the Representative for Planet 8 (1982), The Sentimental Agents in the Volyen Empire (1983) eta The Fifth Child (1988).
1999an Katalunia Nazioarteko Saria jaso zuen, 2001ean Letretako Asturiasko Printzea saria, eta 2007an Literaturako Nobel saria.
Hiru arotan banatzen dute adituek Lessingen obra: komunismoari buruzko literaturarena, 1944tik 1956a arte; gai psikologikoen inguruko literaturarena, 1956tik 1979a arte; eta sufismoan oinarritutako literaturarena, Canopus in Argos zientzia fikzioko saileko bost liburuetan (1979koa lehena, 1983koa azkena). Sail hori amaitutzat eman zuenean, beste bi aroetako gaietara itzuli zen, zientzia fikzioa alde batera utzi gabe.