Dorothy Arzner (1897-1979) Amerikako Estatu Batuetako zinemaren barruan ezohiko zinemagilea izan zen, Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesional bat egitea lortu zuen emakume bakarra. Donostiako Zinemaldiak Arznerren lana omenduko du 62. aldian. Gaur egun, emakumea zinema industrian sartzeari dagokionez, aitzindaritzat jotzen da Arzner, baita estilo eta nortasun propioko zinemagiletzat ere. Berezitasun horri esker, zalantzarik gabeko sona lortu zuen Hollywoodeko estudioen sisteman.
Arzner San Frantziskon jaio zen, Los Angelesen hazi, eta Fashions for Women filmarekin (1927) debutatu zuen zuzendari gisa. Hurrengo urtean, pelikula soinudun bat zuzendu zuen lehenengo emakumea izan zen: Manhattan Cocktail zuen izena (1928). Arznerrek beste hamabost pelikula zuzendu zituen 1930eko hamarkadan eta 1940koaren hasieran, eta Hollywoodeko izar askorekin lan egin zuen; pertsonaia femeninoetan arreta berezia jartzen zuten komedia eta melodrametan, adibidez: Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawfordekin.
1933an, AEBetako Zuzendarien Sindikatuan sartu zen lehenengo emakumea izan zen, eta hainbat hamarkadatan emakumezko kide bakarra izan zen. Nahiz eta pixkanaka haren izena ahaztuz joan zen, 1960ko hamarkadan, mugimendu feministek Arznerren ibilbidea goraipatu zuten, eta hainbat omenaldi egin zizkioten; besteak beste, AEBetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean.
Gaur egun, haren filmografiak balio handiagoa hartu du, ez AEBetako zinemaren historiako salbuespen bakana izateagatik bakarrik, baita berezko balioengatik ere. Arznerrek arrastoa utzi zuen estilo bisual dotoreko pelikula multzo baten bitartez. Film horiek zalantzan jartzen zituzten ohiko rol sexualak eta emakumeek gizartean zuten funtzioa. Kritikari batzuen arabera, mezu homosexual ezkutuak sartzen zituzten Hollywoodeko garai hartako egitura zurrunean.