Zalgurdira igo naizenean, gidaria hizketan ari zen ostatuko anderearekin. Zenbait pertsona hurbildu da hizketaldia entzutera, eta gero errukiz begiratu didate. Hitz batzuk sarri errepikatzen zituzten. Nire hiztegi eleanitzekoan begiratu ditut. Honako hauek ziren hitzak: ordog deabrua, pokol infernua, stregoica sorgina, vrolok eta vlkoslak. Azken hauek esanahi bera dute, bata eslovakiarra izanik eta bestea serbiarra, eta otsogizona edo banpiroa bezalako zerbait izendatzeko erabiltzen dira. (Kondeari galdetu behar diot sineskeria hauei buruz.)
Basoz eta baserriz beteriko lurralde berde eta menditsu honetan zehar bidea egiten genuen neurrian, nire beldurra ahaztu dut. Garbi zegoen gidariak azkar iritsi nahi zuela Borgo mendatera. Denbora pixka bat igaro ondoren, Karpato mendiak ikusi ahal izan ditugu muinoen gainean.
Iluntzen zuen neurrian, gainerako bidaiariek gidariari azkarrago joateko esaten zioten. Iluntasunean, argi griseko gune bat ikusi ahal izan dut gure aurrean. Geroago, mendiek alde guztietatik gero eta hurbilago inguratzen gintuztela zirudien: Borgo mendatean sartzen ari ginen. Gelditu egin gara gero, eta zain egon gara Kondearen zalgurdia noiz iritsiko. Gidariak emeki esan dio beste bidaiari bati ordubete goiz iritsi garela. Eta jarraian niri esan dit:
—Ikusten duzunez, inor ez dago hemen zure zain. Bukovinaraino jarrai dezakezu, eta beste egun batean itzuli hona.
Orduan zaldiak urduritu egin dira. Bidaiariek oihu egin dute, ondoren aitaren egiteko. Zalgurdi bat iritsi da lau zaldi beltz ederrekin. Gidaria gizon garaia zen, bizar ilun luzekoa eta aurpegia estaltzen zion kapela zeramana. Bere begiek gorriak ziruditen lanparen argitan.
Honela esan dio gure gidariari:
—Goiz zabiltza gaur, adiskidea.
—Herr ingelesa presaka zebilen —gure gidariak, totelka.
—Horregatik esan diozu Bukovinaraino jarraitzeko. Ezin nauzu engainatu, ene adiskidea… Asko dakit eta nire zaldiak oso arinak dira.
Gizon bitxi honek hitz egiten zuen bitartean, bere ezpain osoro gorriak eta hortz zuri guztiz zorrotzak ikustea izan dut.
Nire bidaideetako batek poema alemaniar bateko lerro bat esan du ahapeka zalgurdian:
«Denn die Todten reiten schnell» («hildakoak azkar baitabiltza»).
Gidari bitxiak irribarre egin eta esan du:
—Emadazu Herren ekipajea.
Orduan bizkor sartu ditu nire maletak bere zalgurdian eta neroni lagundu sartzen, esku batez estu-estu helduz. Hitzik esan gabe, Borgo mendateko iluntasunean barrena abiatu gara.
NOBELA (ZATIA)
Itzultzailea: Aitor Arana.
Jatorrizko hizkuntza: ingelesa.
Jatorrizko izenburua: Dracula.
Argitaletxea: Hiria.
Urtea: 2001.
Azalpena: Ostegunean, apirilaren 12an, bete ziren ehun urte Bram Stoker idazlea hil zenetik. Dracula eleberria, 1897an argitaratua, da haren lanik ezagunena; Dracula kontea banpiroa fikzioko pertsonaiarik ezagunenetakoa da, izan ere. Dracula nobelaren euskarazko bi itzulpen daude, biak laburtuak. Iñaki Mendigurenek argitaratu zuen lehena, 1996an, Elkar argitaletxearen Irakurmendi sailean; Aitor Aranak bestea, 2001ean.
Literatura. Pasarte hautatua. Bram Stoker
'Dracula'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu