Drama laborategian

Artedrama Euskal Laborategiak bost egunez «euskararen eta antzerkiaren inguruan sortutako espazioan» antzerki teknikekin esperimentatzen ari dira ikasleak.

Parte hartzaileek beraien alde iluna ikertzen dute, Iñaki Ziarrusta aktoreak emandako ikastaroan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aulesti
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Antzerki aretoko jarlekuetan eseri dira ikusleak, oihala zabaldu da eta taula gainean aktore bat ikus daiteke, negarrez ari da, barrezka, ez du gehiegi axola. Bigarren pertsonaia sartu da, xuxurlatutako hitzez aretoa bete dute. Beraien solasaldian murgildu da publikoa, tentsioa nabari da, haren arteko mesprezua, maitasuna, goxotasunak… Egunez egun eszena berak errepikatu dira aretoetan, aktoreek antzeko keinuak egin dituzte Aulestin, Deban, Lesakan, Bilbon zein Baionan egindako emanaldietan; ikusleengan antzeko emozioak sortu dituzte leku batean zein bestean. Oihala jausi da, eta txaloak entzun dira. «A zelako natural egiten duten», esan dio lagun batek besteari. «Horretarako jaioak dira», erantzun dio besteak.

Emanaldiak amaitu eta gero,ikusleak gerturatu eta «hori dena buruz ikasi behar izan duzu?» galdetu izan diote maiz Ander Lipusi. «Testua buruz ikasteaz gain atzetik dagoen guztia ezagutuko balute…», esan dio BERRIAko kazetariari, Aulestiko (Bizkaia) frontoiaren inguruan, Artedrama Euskal Laborategiko ikastaroko ikasleek inprobisatze ariketa bat prestatzen zuten bitartean. Igandera bitartean, Euskal Herriko zenbait txokotatik heldutako hamabi aktore buru-belarri murgilduko dira antzerki munduan, giro ezin hobean. Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta, Ana Elordi, Eñaut Gantxegi eta Asier Sotak emandako ikastaroak jasoko dituzte astebetez Aulestin. BERRIAk beraiekin goiza pasatzeko aukera izan zuen atzo, Ziarrustak eta Lipusek berak emandako ikastaroetan.

Norberaren gorputzaren eta buruaren jabe izaten ikastea da aktorearen lehen eginbeharrekoa, eta, hain zuzen ere, horretan ari dira ikastaroko parte hartzaileak. Astelehenean hasi ziren, eta ostirala bitartean beren buru eta gorputzekin esperimentatzen ibiliko dira, laborategi formatuko ikastaroetan. Sentimenduak bor-borrean jarri zituzten goizeko lehen orduetan atzo. Izan ere, beren alde iluna bilatzen aritu ziren, Iñaki Ziarrusta aktoreak emandako ikastaroan. Borrero eta biktimaren rolak jokatu behar izan zituzten aktoreek, mina eman eta jaso zuten beren pertsonaiak garatzen ikasteko bidean. «Normalean eskatzen diot irakasleari beren jakintzan edo momentuan lantzen edota esperimentatzen ari denarekin parada bat egitea. Nik badakit orain Iñaki Ziarrusta gauza ilunak ari dela lantzen, eta hori jarri nahi duela praktikan ikasleekin», azaldu du Lipusek.

«Antzerki goseak» bilduta

Hamabi ikasle bildu dira, aurten, Aulestin. «Antzerki goseak» eraman ditu bertora, Lipusen hitzetan. Haietako gehienak amateur gisa aritzen dira beren herrietako antzerki taldeetan, nahiz eta batzuk ofizioa ikasten ari diren. Euskal Herriko zenbait lurraldetatik heldu dira, gogotsu eta asko ikasteko asmoz. Horien artean, erdia beteranoak dira Artedraman, eta bigarren urtea da askorentzat, haien arteko beteranoena Jon Martinez da, hirugarren urtea du aurtengoa. Laborategiak «izugarrizko goraldia» ekartzen diola azaldu du, goizeko ikastaroen arteko atsedenaldian. Lagunak iritzi berekoak dira. Aste bizia da berez haientzat, egunean zortzi orduz aritzen dira laborategietan, batera bazkaltzen eta afaltzen dute, Aulestiko aterpetxean egiten dute lo, eta, gauetan, Artedramak egun hauetan Aulestira ekarritako antzezlanak ikusteko aukera izaten dute.

Euskaraz aktore gisa trebatzeaz gain, Artedramako irakasleen kalitatea ere funtsezkoa da gehienentzat, Amaia Zinkunegik azpimarratu bezala. Izan ere,antzezte tekniketan sakontzeaz batera, Aulestin beste aktore eta antzerkizale euskaldunak ezagutzeko aukera dutela iritzi diote, eta, horrekin batera, beste lekuetan egiten ari diren gauzak ezagutzeko. Parte hartzaileen arteko harremanak, Artedramako astetik harago doazela azaldu du Martinezek, «sare moduko bat osatzen da gure artean, bakoitzak zertan dabilen jakiten dugu, eta elkarren artean kolaboratzeko aukera ere hor dago». Zuriñe Sanchezek azaldu duenez, laborategian ezagututako partaideen artean ere proiektuak sortu dira.

Ordu laurdeneko atsedenaldiaren ostean, lanera bueltatu behar izan dute, oraingo honetan, Ander Lipusek ematen duen ikastarora. Aktoreak bitan bereizten ditu bere eskolak. Entrenamendua egiten dute, lehenengo; beroketa, ahotsa eta gorputzaren modulazio teknikak azaltzen ditu, eta energia kudeatzen erakusten die. Tarte horren lehen zatian harrapatu ditu euriak, gogor aritu da Aulestiko frontoiaren osteko gela polibalenteko teilatuaren kontra. Musika lasaiari eta masajeei lagundu die, gorputza erabat erlaxatzen. Gorputza itzartuz joan dira, pixkanaka, ahotsa eta mugimendua lantzeko ariketen bidez, gerora zetorrenerako prestatuz. Inprobisatzeari ekin diote, berriz, eskolaren bigarren erdian, aktoreek ekintza dramatikoak eraiki dituzte bikoteka. Jolasa izan da hautatutako gaien artekoa. Aurretik testu bat ikasita eraman behar dute aktoreek, eta horrekin jolasten ikasi, baina atzo goizean ez zen horretarako astirik geratu. Orduak konturatu gabe pasatu zitzaizkien guztiei, antzezten eta lagunen antzezpenak ikusten.

Euskaraz ikasteko aukera gutxi daude, eta horri irtenbide emateko sortu zen orain zazpi urte Artedrama Euskal Laborategia, Ander Lipus aktorearen eskutik. «Euskararen eta antzerkiaren inguruan espazio bat sortzea du helburu», Lipusek berak azaldu duenez. Bere helburua lortu duela esan daiteke; izan ere, Artedrama erreferente bihurtu da, euskal antzerkian eskaintzen duen kalitateagatik. Horrek erakarri zituen parte hartzaileetako gehienak. Haiek azaldu bezala, oso antzerki lantegi eta ikastaro gutxi dago euskaraz, eta horietako batek ereez du Aulestin garatzen duten laborategiaren kalitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.