Zinema. Estreinaldiak

Dramaren eta komediaren arteko mugalari trebea

Oscar sarietarako hautagai sendoa da 'The Descendants', Alexander Payneren ibilbide distiratsuko bosgarren film luzeaBi urrezko globo irabazi ditu: film dramatiko onenarena eta gizonezko aktore onenarena

George Clooney eta Shailene Woodley, Alexander Payneren The Descendants filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Zinema estatubatuar garaikideak duen zuzendaririk interesgarriena da Alexander Payne. Eremu independentearen eta aurrekontu txikiko zinema komertzialaren arteko erdibidean dago, eta duen filmografia interesgarria bezain laburra da. Horregatik, zazpi urteren buruan, film berri batekin bueltan dela ikustea albiste ezin hobea da. The Descendants da pelikularen izenburua, publiko zabalago bati atea irekitzen ahal dion lana.

Paynek film independente batekin ezagutarazi zuen bere burua 1996an. Citizen Ruth-ek drogen mendekoa den eskale baten gorabeherak jasotzen zituen, komedia ukitu batez. Laura Dern zen Ruthena egiten zuena, eta Payneren pertsonaia guztiek bere eginen zuten ezaugarri nagusia zuen, ulertzen ez duen mundu baten erdian dagoen antiheroia zen.

Citizen Ruth-ek oihartzun mugatua izan arren, aukera eman zion Alexander Payneri beste film bat egiteko, bigarrena. 1999an ailegatu zen Election, politikaren eta boterearen inguruko satira garratza. Matthew Broderick eta Reese Whiterspoon ziren pelikula harrigarri hartako protagonista nagusiak, AEBetan hamarkada horretan egin zen komediarik onenetakoa izan zena.

Election-ekin kultuko zuzendariaren statusa eskuratu zuen Paynek, denek lan egiteko nahi zuten eta boladan zegoen zinemagile gutiziatua bihurtu zen. Baina presa ez du inoiz bere ezaugarrietako bat izan, eta patxadaz prestatu zuen hurrengo lana. Hiru urteren buruan ailegatu zen About Schmidt, Jack Nicholsonekin egin zuen komedia dramatiko sailkagaitza. Kritika oso onak izan zituen arren, gaur egun behar baino gutxiago baloratzen den pelikula da hirugarren hori.

Bi urte behar izan zituen Sideways txikia egiteko, eta road movie berezi horrekin arrakasta itzela lortu zuen. Urteko ezusterik handienetako bat izateaz gain, filmak sari eta izendapen ugari pilatu zituen, eta azkenean gidoi egokitu onenaren Oscar saria eskuratu zuen. Horrez gain, Paul Giamatti aktore bikaina Hollywoodeko lehen mailara eraman zuen Sideways-ek.

Zazpi urteko isilaldia

Horren ostean, 2011 arte iraun duen zazpi urteko isilaldi luzea. Urte horietan guztietan Payne ez da geldirik egon, bestelako proiektu batzuetan hartu izan du parte. Besteak beste, Hung telesailaren arduradunetako bat izan zen, eta Frantziako hiriburua goratzeko asmoa zuen film kolektiboan, Paris je t'aime izenekoan, ataletako bat zuzendu zuen.

The Descendants-en betiko Payne aurkituko dugu: komediaren eta dramaren artean mugitzen da filma, sormen askatasunaren eta industriaren morrontzaren artean. Dena den, orain arte filmak oso harrera ona izan du, eta honako hau zuzendariari bultzada komertzial erabatekoa ematen dion filma izaten ahal da.

Besteak beste, George Clooney duelako protagonista; gauza jakina da aktore estatubatuarraren pelikulek ikusle asko erakartzen dituztela aretoetara. Egungo aktorerik ospetsuenetakoa izateaz gain, Clooneyk kalitatezko filmografia osatzen segitzen du, eta Urrezko Globoa irabazi du The Descendants-en egindako lanagatik. Horrez gain, hemendik gutxira Oscar sarietarako hautagai nagusietakoa den The Idus of March ailegatuko zaigu, Clooney berak zuzendu eta protagonista rola jokatu duen film politikoa.

Paradoxikoa bada ere, Clooneyren azkenak Oscar sarietan arerio gogorra izaten ahal du The Descendants. Sari horien ohiko atarikoa izaten dira Urrezko Globoak, eta horietan beste sari garrantzitsu bat jaso berri du Payneren azken lanak, pelikula dramatiko onenarena. Halaber, Independent Spirits Awards sari ezagunetan, lau izendapen nagusi ditu filmak.

Matt King da protagonista nagusia, eta Hawaiin dago girotuta. Haren emazteak istripu larria izan du, eta, ataka horretan, King bere alabekiko harremana bideratzen saiatuko da. Aldi berean, familiak duen herentziarekin zer egin erabaki beharko du pertsonaia nagusiak.

Halako batean, alabak albiste harrigarri bat jakinaraziko dio: amak istripua izan zuenean beste gizon batekin zegoen. Albisteak guztiz txundituta utziko du King, eta, alabak lagunduta, emaztearen maitalearen bila abiatzea erabakiko du. Bidaia horrek aldaketa ugari eraginen ditu familia osoan.

'THE DESCENDANTS'

Zuzendaria: Alexander Payne. Aktoreak: George Clooney, Judy Greer, Matthew Lillard, Beau Bridges, Robert Forster. Herrialdea: AEB. Urtea:2011. Iraupena:115 minutu.

Estreinaldiak: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hurrengo asteazkenean, Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.