“Proiektuaren zuzendaritzaren izendapen eta hautaketaren inguruan hainbat komunikabidek hedaturiko espekulazioak direla eta”, prentsara igorritako agiri baten bidez DSS2016 Fundazioaren Patronatuko Batzorde Betearazleak adierazi du prozesua “aurreikusitako egutegiaren arabera” ari dela gauzatzen, “erabateko gardentasun eta objektibotasunarekin”, eta patronatuak hartuko duela azken erabakia, “betiere DSS2016 Fundazioa zuzentzeko profesionalik onenak lortzeko helburuarekin”.
Hautaketa prozesuan izandako ustezko irregulartasuna gezurtatu du, agiri horren bidez, DSS2016 Fundazioak. Abc egunkariak atzo argitaratu zuenez, Itziar Nogeras filologoak mezu elektroniko bat igorri zien joan den ekainaren 20an Elhuyar fundazioko bere lankideei, adieraziz hiru urteko lanuztea eskatuko duela, "Donostiako 2016ko kultura hiriburuaren zuzendaritza nagusiaz arduratzeko proposamena" egin diotelako.
Espainiako Kultura Ministerioak presazko eta aparteko bilera bat eskatu dio DSS2016 Fundazioaren Patronatuari, proiektuko zuzendari nagusi berriaren izendapenean ustez gertatu den irregulartasuna argitzeko.