KULTURA

Duela 14.000 urteko grabatuak topatu dituzte Lekeitioko Armintxeko haitzuloan

Animalia ugariren dozenaka grabatu topatu dituzte. Adituen hitzak aipatuz, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du Iberiar penintsula osoan inoiz aurki duten grabatu multzo "paregabeena eta esanguratsuena" izan daitekeela.

Dozenaka animalia daude margotuta Armintzako kobazuloan.
2016ko urriaren 13a
12:55
Entzun

Bizkaiko Aldundiak eman du aurkikuntzaren berri; Santimamiñeko haitzuloan daudenen garai bereko grabatuak topatu dituzte Armintxeko kobazuloan, Lekeition. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak erantsi du kalitate handikoak direla. Lekeitioko herrigunean bertan dago haitzuloa, eta azpimarratu dute argirik ere ez dela behar grabatuak ikusteko.

 

Diputazioak atzo aurreratu zuen grabatu multzoa "oso berezia" dela, "kalitate tekniko handia duelako eta oso argi ikusten delako". Bi lehoi, hamasei zaldi, bi bisonte, bost ahuntz eta zehaztu gabeko lau kuadrupedo dira grabatuetan ageri direnak. Adituen hitzak aipatuz, Rementeriak esan du Iberiar penintsula osoan inoiz aurki duten grabatu multzo “paregabeena eta esanguratsuena” izan daitekeela.

 

Era berean, grabatu multzoan zeinu klabiformeak ere aurkitu dituzte Armintxe koban. Bizkaiko Foru Aldundiko ondareraren zerbitzuburu Andoni Iturberen esanetan, halako zeinurik ez dute inguru honetan aurkitu orain arte; Frantziako Pirinioan aurkitu izan diren zeinuak direla gaineratu du. Hori dela eta, sakontzeko teoria bat badagoela esan du Iturbek: “Bertoko eta Frantziako komunitateen artean hartu-emanak egon zirela pentsa daiteke, eta kultura elkarri kutsatu ziotela. Beste arlo batzuetan hartu-emanak izan zituzten ala ez ere aztertzeko dago oraindik”.

Grabatuak egiterakoan erabilitako teknika ere azpimarratu du Iturbek, eta animali zein figuren kaalitatea ezin hobea dela: “Koadro baten aurrean gaudela ematen du, pintura baten aurrean”. Gernika-Lumoko ADES espeleologia taldeak eta Kortezubiko AGIRI arkeologia taldeak ere lagundu dute Arminxe kobako grabatuen aurkikuntzan, eta bi horien lana azpimarratu du Arkeologian katedradun Cesar Gonzalezek.

Ez da aurten Bizkaian eginiko lehen aurkikuntza. Maiatzean, 70 labar pinturatik gora aurkitu zituzten Berriatuko Atxurra kobazuloan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.