Arkeologia

Duela 18.000 urte baino gehiagoko irudi batzuk Zestoan

Gutxienez bost animalia irudi topatu dituzte Antxieta Jakintza Taldeko kideek Danbolinzulo haitzuloan.

Danbolinzulo haitzuloan aurkitutako margoetako bat. GFA
Berria
2015eko urtarrilaren 12a
12:41
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Danbolinzuloko barrunbe txikia ezaguna da inguruan 1980az geroztik, Antxieta taldeak bertatik historiaurreko zenbait material zeramiko berreskuratu zituenetik. 2014ko abenduaren 14an, berriz, taldeko hainbat kidek pigmentu gorriko arrastoak eta ustezko animalia irudiak biltzen zituen panel bat aurkitu zituzten kobazuloan bertan.

Aurkikuntzaren berri izan ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak barrunbea itxi egin zuen, etorkizunean ondo zainduta egoteko eta margoak babes neurriekin aztertu ahal izateko.

Gaur Antxietako kideek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Zestoako Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, gutxienez bost animalia irudi antzeman dituzte, orein emeenak eta ahuntzenak, eta horiei, ziur aski, beste hiru gehitu behar zaizkie, baina egoera kaskarrean daude.

Irudi guztiak burdin oxidoz eginak daude, gorriak dira, eta horietako batzuetan trazatua antzeman daiteke. 

Ikerketaren arabera, irudiak Paleolito garaiko labar artearen bilakaeraren antzinako fase batekoak dira. Azterketa zehatzagoen faltan, arduradun zientifikoek adierazi dute pinturak duela 18.000 urte baino lehenagokoak direla; beharbada orain dela 33.000 urtekoak

Danbolinzulotik ez oso urrun labar artearen gailurretako bat dago, Ekain. Haren erreplika jasotzen duen zentro-museoa, Ekainberri, 2008ko irailean zabaldu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.