Azken indusketa arkeologikoek kristo aurreko 2000 urtera eraman dituzte EHUko, Euskal Herriko Unibertsitateko, ikerlariak. Torrentejo aztarnategian (Bastida, Arabako) espero gabeko aurkikuntzak egin berri dituzte. Gaur egun leku horretan Santa Luzia baseliza dago eta arkeologia lan hauei esker jakin dute "berritze lan sakonak" egin zirela elizan eta herrixka osoan XVII. mendean zehar.
Kalkolitoko eta Behe Brontze Aroko lantegi batekin egin dute topo, besteak beste. Era honetako aurkikuntzak oso urriak izaten direnez, aurkikuntza honek Ebroko haraneko nekazaritza sektorearen faserik zaharrenak argitzen lagunduko duelakoan dira.
Horrez gain, Tarteko Erdi Aroan eta Behe Erdi Aroan erabili zen XI. mendeko etxe garrantzitsu baten aztarnak aurkitu dituzte elizaren hegoaldean. Juan Antonio Quiros EHUko irakaslearen esanetan, "oraindik goiz da eraikinaren funtzionaltasuna eta kronologia zehazteko, baina badirudi dokumentazioan jasota dauden jauregi aristokratikoetako bat izan daitekeela".
Lurpean kokatutako nekropoli antropomorfo bat -hilerri bat- ere aurkitu dute eliza erromanikoaren alboan. “Badirudi hilobi eremu hori herrixkako biztanleak lurperatzeko gunea izan zela, komunitatearen memoria mantentzeko lekua”, argitu du. Behe Erdi Aroan, ordea, herria hutsik geratu zenean, komunitatea desegin egin zen eta ondorioz, hilerria lurpean geratu zen.
Historiako hainbat prozesu ulertzeko Torrentejo “oso leku garrantzitsua” dela baieztatu du Quirosek; herrien osaera, Nafarroako monarkiaren finkapena Errioxako eremuan, populazioa herrigune nagusietara joan izana eta garai modernoko aldaketak, aipatu ditu besteak beste.
Joan den urtean aurkitu zuten aztarnategia EHUko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Ondarea eta Paisaia Kulturalak saileko ikertzaileek, eta aurtengo udan indusketa arkeologikoen bigarren kanpainan lanean dihardute.