Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialean lehiatuko diren sei filmen berri eman du gaur. François Dupeyron, Fernando Eimbcke, Roger Michell, Mariana Rondon, Bertrand Tavernier eta Jonathan Teplitzky dira filmen zuzendariak, eta lehenago antolatzaileek eman zituzten beste lau filmei gehitu behar zaizkie. Zinemaldia irailaren 20tik 28ra egingo da.
François Dupeyronek Mon Áme par toi guérie aurkeztuko du zinemaldian. Fredi da filmeko protagonista, eta ohartuko da ama zenak sendatzeko boterea transmititu diola. Hasieran, erabat errefusatuko du, zoritxarrekoa baita; baina istripu batek dena aldatuko du. Ezinbestean onartu beharko du bere eskuek sendatzeko gaitasuna daukatela. Dupeyronek Urrezko Maskorra irabazi zuen 1999an C'est quoi la vie? filmarekin.
Fernando Eimbcke mexikarrak bere hirugarren filma estreinatuko du Donostian: Club Sandwich. Palomak eta bere 15 urteko seme Hectorrek oso harreman handia eta berezia dute. Kostaldean oporretan daudela, Hectorrek Jazmin nerabea ezagutuko du, eta maitasunaren eta sexuaren lehen izpiak biziko ditu. Palomak gertu eduki nahi du Hector, eta gaizki pasatuko du; izan ere, onartu beharko du semea hazten ari dela, ez dela gehiago seme bera, eta lagun mina izateari utziko diola.
Marana Rondon zinemagile eta artista plastikoak egin duen hirugarren filma da Pelo Malo (Venezuela). Filmeko protagonista Junior da, «ile aldrebesa» duen 9 urteko mutikoa. Eskolako argazkia ateratzeko, ilea lisatu nahi du, baina bere ama Martak, 30 urteko alargunak, ezezkoa emango dio. Aitaren aldeko amonak Juniorrekin behin betiko gelditzeko proposatuko dio Martari.
Bertrand Tavernier beteranoa ez da izen berria Zinemaldian. 1996an, Capitan Conan-ekin lehiatu zen, eta kritika oso onak jaso zituen, eta hiru urte geroago, epaimahaiko buru izateaz gain, haren obraren gaineko atzera begirakoa eskaini zuten. Aurten, Lanzac & Black komikigileen izen bereko obra egokitu du: Quai D'Orsay. Satira politiko bat da, eta Frantziako Atzerri Arazoetako ministro Alexandre Taillard de Vorms du protagonista; hain zuzen ere, boteretsuekin tratatzeko, kargudun garrantzitsuei bakea ekartzeko, tiroak aise botatzen dituztenak lasaitzeko eta Bakearen Nobel sarirako hautagaitza indartzeko beti prest dagoen gizona.
Jonathan Teplitzky zinemagile australliarrak gertaera historiko bat izan du The Railway Man filmaren oinarrian. Txiki-txikitatik trenekin liluratuta zegoen Eric Lomax ofizial britainiarraren bizitzan. II. Mundu Gerran japoniarrek harrapatu egin zuten, eta lan esparru batera bidali zuten, Birmania eta Thailandia artean kokaturiko trenbide batean. Han, berak eta bere kideek baldintza oso gogorretan bizi behar izan zuten, eta beren atzemaileen torturak jasan. Hainbat hamarkada geroago, Lomax Ingalaterra iparraldera joango da bizitzera emazte Patriziarekin. Han, erretiratuta dagoela, trenegatik duen pasioan murgilduta, bere sufrimenduaren errudun izandako soldadu japoniarrak bizirik jarraitzen duela jakingo du... Besteak beste, Colin Firth eta Nicole Kidman ditu protagonista.
Azkenik, Roger Michellek (Notting Hill, Eduring Love) Le Week-end aurkeztuko du sail ofizialean. Filmak Nick eta Meg ditu protagonista. Britainia Handiko bi irakasle Parisera bueltatuko dira, eztei-bidaia egin eta handik urte askora, beren arteko harremana biziberritzeko. Megek uste du bizitza hobea merezi duela; baina, bere senar Nick ondoan izan ezean, ez da seguru eta babestuta sentitzen. Jim Broadbent, Lindsay Duncan eta Jeff Goldblum dira protagonistak.
Aurretik, Zinemaldiko Sail Ofizialean izango diren beste hainbat filmen berri eman zuten antolatzaileek: Las brujas de Zugarramurdi (Alex de La Iglesia) —lehiaz kanpo—, Caníbal (Manuel Martin Cuenca), Enemy (Denis Villeneuve), La herida (Fernando Franco) eta Vivir es facil con los ojos cerrados (David Trueba)