Durangoko Azoka

Durangoko azokak duen topaleku funtzioa nabarmendu dute 47. edizioaren irekiera ekitaldian

Euskarazko kultur produkzioaren hedapenean azokak betetzen duen lana azpimarratu dute antolatzaileek irekiera ekitaldian, eta etorkizunean sortzaileei leku handiagoa egin beharra ere aipatu dute. Ijitoen herriak ere presentzia handia izan du. Arkaitz Estiballes, Amets Arzallus eta Jorge Pisak bertsolaritza eta flamenkoa uztartu dituzte.  

Inigo Astiz
2012ko abenduaren 6a
14:25
Entzun

Aho batekoa izan da mezua. Durangoko Azokaren garrantzia azpimarratu dute irekiera ekitaldian hitza hartu duten ordezkari guztiek. Maiz aipatu dute “topaleku” hitza, eta hori izan da eman nahi izan duten mezu nagusia. Bilgune izaera horren garrantzia. Bat egin dute puntu horretan antzolatzaile eta ordezkari politikoek. Ez dira gutxi izan.

Ekitaldian hitza hartu dute Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, Aitziber Idigoras Durangoko alkateak, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Blanca Urgell jarduneko Jaurlaritzako Kultura Kontseilariak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Manuel Lizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariak. Martin Garitano Gipuzkoakoa ahaldun nagusia eta Aiert Goeneaga azokako zuzendaria ere izan dira ekitaldian, besteak beste.

Iragana izan du gogoan Nerea Mujika azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteko lehendakariak. “1960ko hamarkadan iraultza izan zen Mikel Laboa, Xabier Lete eta aurten Argizaiola saria jasoko duen Benito Lertxundi Andra Mariako eliza pean kantari entzutea”. Azokaren ibilbidea osoa aldarrikatu du horregatik ekitaldian. Etorkizuna ere bai. Sortzaileekin egindako elkarlanean aurrera egiteko garaia dela aipatu du, adibidez, Mujikak. Orain arte euskal sortzaileen alnak hedatzeko asmoz sortutako Ahotsenea gunearekin eta Ikusenea gunearekin egindako lana aipatu du, eta bide horretan sakontzeko beharra nabarmendu du. “Pauso bat gehiago eman behar da”.

Krisi ekonomikoa ere hizpide

Krisi ekonomikoari buruz ere aritu dira hizlariak. Ardatz gisa hartu du gaia Urgellek, esaterako. Garai latzak direla, eta euskal kulturgintzarentzat  Durangok duen garrantzia azpimarratu du. Haren hitzetan, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako egoera ez da beste leku batzuetakoa bezain latza, halere. “Gaitzerdi”, esan du. ETAk jarduera armatua utzi izana ere positiboa izan dela uste du. Bi datu horiek batu ditu gero. “Etorkizunean aurrera egiteko aukera ona ematen dute bi datu horiek”.

Topaleku eta plaza izateaz gainera, azokak merkatu izaera ere baduela esan du Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Izaera hori ere “behar” duela. “Euskal kulturak bere merkatua behar du eta zor du”. Euskarazko sorkuntza lanak hedatzeko aukera eskaintzen du azokak eta oso garrantzitsua da lan hori, Tejeriaren hitzetan. “Hil ala bizikoa da merkatu izatea”. Durangok duen ahalmen “biderkatzailea” baliatu beharraz mintzatu da, horregatik. Euskal kulturgintza krisi asko ezagututakoa dela ere ekarri du gogora. "Su asko probatutako eltzea".

Lauaxeta izan du gogoan Ariztondo Bizkaiko Kultura arduradunak. “Bertako kultur adierazpideak eta Europako haizeak lotzea. Hori zen bere kezka. Pozik egongo zen hemengoa ikusita”. Txalotu egin du, gainera, azokak profesionalizaziorako egin duen bidea ere. Azalkerian gelditu beharrean, azokaren funtsari eusteko deia egin du Idigoras Durangoko alkateak. Ongi etorria eman die bisitari guztiei. “Gozatu, aztertu, erosi, eta kontuan hartu azokaren inguruan dagoenkultura eta jendea”.

Ijitoen ikusezintasuna

Ijitoen herria da aurtengo edizioan azokara gonbidatutako herria. Presentzia handia izan dute horregatik irekiera ekitaldian ere. Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, zor historiko bat iradoki du bere interbentzioan. “Gure foruetan aldarrikatzen da euskaldunon eskuzabaltasuna, baina ez da beti hala izan. Bere hizkuntza, ohitura, eta izaera propioa dute ijitoek, baina ikusezinak izan dira gehienetan”.

Manuel Lizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakaria izan da ijitoen izenean hitza hartu duena. “Oso egun garrantzitsua da gaurkoa ijitoen herriarentzako”. Elkar ezagutzea klabea da bizikidetzarako haren hitzetan, eta bide horretan lanean jarraitzeko deia egin die agintariei. “Mesedez, jarrai ezazue herri honen parte diren ijitoak laguntzen”. Erromintxela aipatu du bizikidetzaren adibidetzat. Ijitoen hizkuntzaren eta euskararen arteko nahasketaren ondorioz sortutako hizkuntza. Urteetan behar besteko garrantzirik eman ez zaiola adierazi du. “Orain arte ez zaigu horretarako besteko protagonismorik ez eta aukerarik ere eman”. Zuzen azaldu du Lizarragak ijito komunitatearen nahia ekitaldian: “Ezagutu gaitzazuen nahi dugu”.

Fusio ikuskizun bat ere izan da ekitaldi amaieran. Elkarrekin aritu dira oholtzan Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus bertsolariak, eta Jorge Pisa El Boli gitarra-jolea. Bertsoak eta flamenkoa uztartu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.