Nabarmena izan da azken urteetan azokan Nafarroako Gobernuaren hutsunea”. Gerediaga elkarteak “poza” agertu du horregatik Nafarroako Gobernua berriz ere azokan izango delako. 50. urteurrena beteko du aurten azokak, eta abenduaren 4tik 8ra bitarte stand propioa jarriko du Nafarroako Gobernuak bere argitalpenak saltzeko. Horrez gainera, ordezkaritza ofiziala ere bidaliko du irekiera ekitaldi ofizialera, eta azokako babesle publikoa ere izango da. Mende erdia bete duenean, beraz, sei babesle publiko izango ditu aurten azokak. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta baita Nafarroako Gobernua ere. Ez dute zenbateko zehatzik aurreratu Gerediaga elkartekoek, azaldu dutenez asteazkenean emango baitituzte datu horiek.
2000. urtean izan zuen Nafarroako Gobernuak azkenekoz standa Durangon. Geroztik ez du salgune propiorik izan, beraz. Gerediaga elkarteak "Nafarroako argitalpenak" izeneko erakuslehioa antolatu izan du horregatik, “hutsune hori bete nahian”. Orain berriz, stand propioa izango du Nafarroak azokan.
Gogoetaren plazan, kultur politikaz
Gogoetan ere parte hartuko du gobernuak. Presente izango da, izan ere, Areto Nagusian euskal kulturaren etorkizuna ardatz izango duen Gogoetaren plazan egitasmoan. Kultur politikaz eta eragiletzaz arituko da eztabaidan Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuaren
zuzendari Dori Lopez Jurio abenduaren 6an antolatuko den mahai inguruan. Eta harekin batera izango dira Maialen Beloki (Zinemaldia), Xabier Monasterio (Kafe Antzokia) eta Izaro
Ieregi (Okela Sormen Lantegia).
Gerediaga elkarteak aurreratu du zer liburu eramango dituen Nafarroako Gobernuak bere standera ere. Azken argitalpenak nabarmendu dituzte“Cuando las cosas hablan. La historia contada por cincuenta objetos de Navarra"; Koldo Azkuneren "Garatea"; Matias Mugicaren "Con letra aguda y fina. Navarra en los textos de Julio Caro Baroja"; Blanca Urgellek apailatutako Axularren "Gero"; eta hainbat egileren artean sortutako "Nafarroa Julio Caro Barojaren begietan"