“Azken 50 urteetako ibilbidea bildu dugu, berau ezagutzera emateko eta hurrengo 50 urteetak historia idazten hasteko”. Mende erdia beteko du aurten Durangoko Azokak, eta egindako ibilbideari begiratzeko baliatu nahi izan dute aukera Gerediaga elkarteko kideek, Aitziber Atorrasagasti kudeatzaileak azaldu duenez. 225 orriko liburua kaleratu dute horretarako, eta bi sinadura nagusi daramatza liburuak. Joseba Sarrionandiarena batetik, eta Jesus Mari Arruabarrenarena bestetik. Azken mende erdian azokak eta euskal kulturak egindako bidearen errepaso pertsonala, batetik, eta azoka posible egin duen jendearen hitzen bidez egindako errepaso historikoagoa bestetik.
Sarrionandiaren testuarekin hasten da liburua. Mundutik azokara izeneko atalarekin, alegia, eta Gerediaga elkarteko kideek azaldu dutenez, orain arte ezagutu ez duen Sarrionandia bat topatuko du bertan irakurleak. “Egilea busti egiten da”, azaldu du Asun Elorriaga Gerediaga elkarteko idazkariak. “Bere ikuspegi pertsonala ematen du, gordinean, lehenengo pertsonan, gertutasunean”. Azokaren historiari beste begiratzen dio horretarako Sarrionandiak munduko albisteei ere: nazioarteko politika, ekonomia zein kultura gertakariei. Etorkizunari begira borobiltzen du errepasoa. “Anatole Francek esan zuenez, amestsak kokatzeko toki erosoa da etorkizuna”.
Oztopoz oztopo
Arrakasta baten historia kontatzen du liburuaren bigarren parteak. Hala uler daiteke, behinzat. Arruabarrenak dio garaiz garai azokak izan duen moldagarritasuna igarri daitekeela liburuan,. Hori, eta baita zailtasunei aurre egiteko izan duen gaitasuna ere. “Azokaren historia oztopoz beteta egon da hasieratik, eta arduradunek beti jakin dute nola egin aurrera”. Oztopo eta zailtasun bilduma bat ere bada liburua, halere: frankismo garaiko debekuak kontatzen dira, elkarteak bizitako estuasun ekonomikoak, euskara hutsezko azoka sortzeko zailtasunak... “Ikusten da nolako hasiera izan zuen, nolako eboluzioa izan duen eta azken urteetan zer urrats ausartak eman dituen”.
Protagonisten ahotik jaso du historia Arruabarrenak. Gerediagan ibilitako eta Durangoko Azokaren historia ezagutu duten hamar pertsona esanguratsu ere elkarrizketatu ditu, eta beren hitzak ere bildu ditu liburuan. Euskara da nagusi liburuan, eta liburu amaieran dator liburuaren gaztelerazko bertsioa.
Angoitia eta Zumeta
Txelu Angoitia argazkilariaren 100 argazki inguru ere biltzen ditu liburuak. Eta Jose Luis Zumeta artistak egindakoa da azala. Azokaren 50. ediziorako egindak kartela du oinarri.